Abian da mendi-taldearen bazkidetza kanpaina

Ubane Madera Zangitu 2020ko ots. 7a, 14:05

Mendizaleak iaz egindako irteeretako batean.

Martxoaren 1ean ospatuko den Zuhaitz Egunarekin abiatuko du 2020ko denboraldia Soraluzeko Mendi Taldeak. Hala, taldeko bazkide egin nahi dutenek datorren asteko hiru egun izango dituzte izena emateko: otsailaren 11, 12a eta 13a. Besteak beste, martxoaren 15ean, 500 bat lagun espero dira Soraluzen, bertako mendi taldeak antolatuko du-eta Deba bailarako ibilaldi neurtua.

Datorren asteko martitzenean, eguaztenean eta eguenean, Soraluzeko Mendi Taldeko ordezkariak 18:30etik 19:30era bitartean egongo dira Elkartegian, taldeko bazkide egin nahi dutenen izenak hartzen.  

Helduek 10 euro ordaindu beharko dute, eta gazteek, berriz, 5 euro. Eta aurten kamiseta berritu nahi duenak, berriz, 12 eurotan erosteko aukera izango du. Iazko prezio berberak dira, ez dute igoerarik izan, beraz.

Soraluzeko Mendi Taldeak martxoaren 1ean egingo den Zuhaitz Egunarekin batera abiatuko du denboraldia. Bukatu, berriz, urriaren amaieran bukatuko dute, Soraluzeko finalista egunarekin. Tartean, hamabostean behin mendi irteerak antolatuko dituzte.

500 mendizale Soraluzen

Aurten, gainera, denboraldia hasi eta berehala hitzordu garrantzitsua dute: martxoaren 15ean, Gipuzkoa mailako ibilaldi neurtuak egingo dituzte, eta Deba bailara guztikoa Soraluzen egitea tokatzen da. Soraluzeko Mendi Taldeak esandakoaren arabera, 500 bat mendizaleren bisita espero da egun horretarako. 

13. urtea da mendi taldeko ume eta guraso taldea mendi irteerak antolatzen hasi zenetik. Batez beste, urtero 100 bazkide pasa erakartzen ditu talde horrek.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.