Gizarte larrialdiko etxebizitzak

Ubane Madera Zangitu 2020ko ots. 7a, 11:05
Udalerriko hainbat etxe.

Eguazteneko osoko bilkuran, udal ordezkariek gizarte larrialdiko egoerei erantzuteko etxebizitzen ordenantza eta lankidetza-hitzarmena onartu zituzten.

Eguaztenean, udal ordezkariek gizarte larrialdiei aurre egiteko Soraluzen dauden bi etxebizitzak hizpide izan zituzten udalbatzarrean. 

Batetik, onartu egin zuen gizarte larrialdiko egoerei erantzuteko harrera etxebizitza arautzeko ordenantza. Soraluzek Eibarrekin konpartitzen du etxebizitza hori, eta haren erabilera arautzeko ordenantza onartu ondoren, hurrengo pausoa izango da zerbitzuaren finantzazioari dagokion puntua lantzea. 

Etxegabetzeak, suteak…

Eguazteneko batzarrean behin-behineko onespena eman zioten ordenantzari. Legearen arabera, orain jendaurrean jarri behar da araudia, norbaitek alegaziorik balu, aurkeztu ahal izateko. Alegaziorik ezean, berriz, behin betiko onartuko da.

Patricia Borinaga zinegotziak osoko bilkuran esplikatutakoaren arabera, sei lagunendako lekua du etxebizitza horrek. Beharra dutenek, asko jota lau hilabetez erabil dezakete etxebizitza, beste lau hilabetez luzatzeko aukerarekin. 

Behar horien artean, honakoak hartuko dira aintzat: etxegabetzeak, sententzia behin betikoa denean; norbaiten etxebizitza hondamendi egoeran deklaratzeagatik bizilaguna etxe barik gelditzen bada; gertakari larriren batengatik (sutea, uholdeak…) etxebizitza bat erabili ezinda geratu eta bizilaguna kalean geratzen bada; familiako gatazka larria gertatzen bada, eta antzerakoak. 

Tutoretzapeko etxebizitza

Bestetik, baztertzeko arriskuan dauden pertsonentzako Soraluzen dagoen tutoretzapeko etxebizitza ere berbagai izan zuten udal ordezkariek. Kasu horretan, Soraluzeko, Elgoibarko, Mutrikuko, Mendaroko, Eibarko eta Debako Udalen arteko lankidetza hitzarmena proposatu zen, udal guztiek erabili ahal dezaten etxebizitza hori. Tutoretzapeko etxebizitzak bere baitan du ere hezitzaile zerbitzua. 

Hitzarmena urtebeterako da, beste lau urterako luzatzeko aukerarekin. Eta batik bat, etxebizitzaren erabilerari dagozkion puntuak zehaztu zituzten: gastuak, haien banaketa eta kudeaketa. 

Leku guztiak beteta daudenean, balorazio batzorde batek erabakiko ditu lehentasunak. Etxebizitzako gastuei dagokienez, berriz, hura okupatzen duen udalerriko udalak ordainduko ditu.