Dolmenen Ibilbideko indusketen eta bertako aurkikuntzen berri emango du Jesus Tapia arkeologoak

Ubane Madera 2020ko ots. 5a, 15:41

Jesus Tapia arkeologoa iazko hitzaldian.

Bihar, eguena, Dolmenen Ibilbidean 2019an egindako indusketen gaineko hitzaldia izango da. Hizlaria Jesus Tapia arkeologoa izango da, indusketen arduraduna eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea. 19:00etan hasiko da, eta interesa duen edozein bertara daiteke. Bestalde, seinalizazio berria ipini berri dute ibilbidean.

Aurten Agerreburuko, Frantsesbasoko eta Sabuako dolmenetan egin dituzte indusketa lanak, udan hasi eta udazkenean bukatuz. Aranzadiko aditu taldearekin batera, boluntarioek ere jardun dute lanean, eta aurkikuntza interesgarriak azaleratu dira, beste urte batez. Bada, horren guztiaren berri emango du Aranzadi Zientzia Elkarteko Jesus Tapia arkeologoak biharko hitzaldian. 

Bestalde, Dolmenen Ibilbidearekin lotuta,  indusketez aparte, aurten bestelako lanak ere egin dituzte bertan. Esaterako, ibilbidea seinaleztatzeko lanak egin berri dituzte pasa den asteotan. Karakate eta Santutxuko ibilbide sarbideetan totemak jarri dira eta horrekin batera, Gizaburuaga eta Arribiribilleta megalitoen interpretazio panelen eta ibilbidearen norabidea adierazten duten balizen diseinua egin da. Hori guztia egin dute Bergarako, Elgoibarko eta Soraluzeko Udalek, Debemenekin eta Debegesarekin elkarlanean. 

Ikasleendako unitate didaktikoak

Horrez guztiaz  gainera, Bergara, Elgoibar eta Soraluzeko LHko 6. mailako eta DBH1eko ikasleei zuzendutako bi unitate didaktiko garatu dira. 

Gainera, hiru elementu megalitikoen errepresentazio birtualak jasotzen dituen lau bideo ekoiztu dira. Bideoak eta Dolmenen Ibilbidearekin zer ikusia duen informazio guztia jasotzen duen kokagunea edo mikrosite bat sortu da Debabarrena Turismoko web orrialdean. Bertan, ibilbidearen informazioa, interes-guneak zein elementu megalitikoen informazio guztia dago zintzilikatuta.

Proiektua garatzeko Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Nekazarita Sailen eta Gipuzkoako Foru Aldundiako Kultura sailaren laguntza jaso da, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak aholkularitza lanak egin ditu.