Oparoak izan dira aurtengo indusketak Dolmenen Ibilbidean

Ubane Madera 2019ko abe. 3a, 11:03

Dolmenen Ibilbideko indusketetan ontzi zeramikoen aztarnak, giza hezurrak eta leundutako aizkora eder bat aurkitu dituzte; Jesus Tapia arkeologoak oso modu positiboan baloratu du aurtengo jarduna. 

Maiatzean hasi eta azaroan bukatu dituzte Dolmenen Ibilbidean aurten egitea aurreikusita zituzten indusketak. Agerreburun, Irukurutzetan, Frantsesbason eta Sabuan ibili dira lanean Aranzadi Zientzia Elkarteko adituak, inguruko boluntarioen laguntzaz. Jesus Tapiak, indusketen arduradunak, aurkikuntza ugari egin dituztela kontatu du, batez ere, Agerreburun. 

Aizkora berezia

Horietatik bat berezia da: leundutako aizkora. Kristo Aurreko 4.000 eta 2.000 urte artekoa dela uste du Tapiak: "Ez da arraroa halakoa aurkitzea, baina ohikoa ere ez. Oso kalitate onekoa da, nahiko handia, ez dago urratuta eta ez dago puskatuta, oso pieza polita da. Agerreburun beste bat ezagutzen zen, txikiagoa, baina tumulutik kanpo. Oraingoa barrenean aurkitu dugu. Uste dugu bertako harriren batekin egindakoa dela, baina orain azterketa fasean dago". 

Aizkoraz aparte, historiaurreko ontzi zeramikoen pusketak eta giza hezurrak ere aurkitu dituzte, horiek ere batik bat Agerreburun.

Hala, aurtengo jardunaren balorazio orokor positiboa egin du Tapiak: "Emaitza oso onak lortu ditugu, batez ere Agerreburun, berau izan da izarra. Ez bakarrik aurkitutako materialarengatik, dolmenaren pieza guztiak aurkitu baititugu. Eta ikusi dugu badagoela zaharberritzeko aukera. Harlauza guztiak aurkitu ditugu eta muntatzeko moduan daude, baita tapa ere. Orain, Diputazioko zaharberritzaileari egingo diogu kontsulta".

Hain justu, aurtengo jardunak emandakoa analizatzen dihardute Aranzadiko laborategietan, eta halaber, erakundeei aurkezteko txostenak prestatzen. Hortik aurrera, guztien artean zehaztuko dituzte lehentasunak. "Megalito asko errepasatu gabe gelditzen dira (…) Datorren urterako egingo ditugu proposamen batzuk eta ikusiko da. Niri gustatuko litzaidake", esan du Aranzadiko adituak.