Hiru lankidetza hitzarmen eta bi ordenantza aztergai, biharko osokoan

Ubane Madera 2020ko ots. 4a, 11:20
Patricia Borinaga, Iker Aldazabal eta Veronica Galarraga abenduko osoko bilkuran.

Udal Gobernuak hiru lankidetza hitzarmen eta bi ordenantza onartzeko proposamena egingo du bihar, eguaztena, izango den ohiko osoko bilkuran. Guztira, 10 puntuko gai-zerrenda izango dute aztergai udal ordezkariek. Udalbatzarra 19:00etan hasiko da, eta interesa duen edozein bertara daiteke.

Aurreko osoko bilkurako akta onartzeko eta alkatetzaren dekretuen berri emango duen puntuen ondoren, Zibismo Ordenantzaren aldaketa behin betiko onartzea proposatuko du Udal Gobernuak biharko osoko bilkuran. 

Gauza bera egingo du gizarte larrialdiko egoerei erantzuteko harrera etxebizitzekin lotuta ere; kasu horretan, baina, haren erabilera arautuko duen ordenantza onartzeko proposamena jarriko du mahai gainean.

Hitzarmen proposamenak

Puntu horiez aparte, hiru lankidetza hitzarmen ere jarriko ditu mahai gainean Udal Gobernuak: batetik, NISAEren eta Soraluzeko Udalaren artekoa, datuak elkartrukatzeko. Bestetik, Soraluzeko, Elgoibarko, Mutrikuko, Mendaroko, Eibarko eta Debako Udalen artekoa, baztertzeko arriskuan dauden pertsonentzako tutoretzapeko Soraluzen dagoen etxebizitza erabiltzeko. Eta hirugarrenik, Soraluzeko Udalaren eta Bosques Sostenibles S.L.U enpresaren arteko lankidetza hitzarmena, mendigainean zuhaitzak landatzeko.

Eta esandako puntuez gain, besteak beste, Soraluzeko lau landa-guneak ofizialki zehazteko proposamena ere langai izango dute udal ordezkariek.