Boxeo-jaialdia izango da martxoan, boxeolari profesionalekin eta amateurrekin

Ubane Madera 2020ko ots. 1a, 18:32
Ixa Rodriguez boxeoan.

Martxoaren 14an, 20:00etan, boxeo jaialdia izango da Arane kiroldegian. Boxeo izarren artean, Ixa Rodriguez, Ousama Hina eta Adur Odriozola soraluzetarrak borrokatuko dira. Haiekin batera, Sorabox taldearekin, Bergarako Josu Zalakain, Galdakaoko Oibar Artetxe eta Getxoko Anton Vazquez boxeolariek ere borroka egingo dute. 20:00etan hasiko da boxeo jaialdia.

Boxeo borroka erakutsi, eta kirol horrekiko zaletasuna herrikideei gerturatzeko helburuarekin, boxeo-jaialdia antolatu du Soraboxek martxoaren 14rako. Ringera igoko dira Ixa Rodriguez, Ousama Hina eta Adur Odriozola soraluzetarrak, eta Soraboxeko taldekide dituzten Josu Zalakain bergararra eta Oibar Artetxe galdakaoarra.

Soraboxekoen arerioak zeintzuk izango diren, berriz, datozen egunotan zehaztuko dute.

Pisatze-saioak

Halakoetan ohi denez, borroka baino lehen, borrokalariek erakutsi behar dute dagokien mailaren barruko pisua dutela. Eta horretarako, pisaketa saioak egingo dituzte boxeo jaialdiaren aurretik.

Hala, Ixa Rodriguez boxeolari profesionala martxoaren 13an, 17:00-18:00ak inguruan, igoko da baskulara, Gila tabernan egingo duten pisatze-saioan. Mutil amateurrak, berriz, borrokaren egunean bertan, 17:00etan igoko dira baskulara, haiek ere Gilan. 

Guztiendako luntxa

Aurten, gainera, berritasunarekin dator boxeoarekin hitzordua: ekitaldiaren amaieran, luntxa emango dute Gila tabernan. Doan izango da, eta nahi duten guztiendako, kirolari zein ikusle: "Boxeozale guztiok izaten dugu elkarrekin egoteko gogoa, baina normalean, boxeo jaialdia amaitzen denean, bakoitza bere etxera joaten da. Luntxa emanez, guztioi elkarrekin egoteko aukera eskaini nahi diegu", esplikatu du Ixa Rodriguezek. 

Boxeo jaialdia ikusteko sarrerei dagokienez, berriz, oraindik ez daude salgai; Plaentxia.eus atariaren bitartez jakinaraziko da noiz erosi ahalko diren. Gila tabernan edo kiroldegian eskuratu ahal izango dira.