ELKARRIZKETA

“Pertsonaren garapenerako oinarri asko lehenengo 18 hilabeteetan ezartzen dira” Feli Oregi

BABESTUTAKO EDUKIA 2020ko urt. 31a, 10:47
Feli Oregi, haurren garapenerako zentroan.

Feli Oregik aspalditik dihardu haurren garapenaren arloan murgilduta baina orain dela bi urte, logopedia ikasketak amaitu zituenean, erabaki zuen arlo horretara modu profesionalean dedikatzea. Bizi den baserrian bertan, Eitzako Etxetxon (Sagar Erreka auzoan), egokitu du zentroa, psikomotrizitatea lantzeko gimnasio eta guzti, eta iaztik bertan eskaintzen du zerbitzua. Otsailaren 1ean (bihar), lau orduko ikastaroa eskainiko du, ‘Haurren garapena pausoz pauso’ izenburupean. Plazak beteta daude. 

Haurren garapenerako zentroan zein zerbitzu eskaintzen dituzue? 

Umeen garapenaren gaineko aholkularitza edota terapia saio praktikoak eskaintzen ditugu, hasi jaioberrietatik eta nerabezaroan dauden neska-mutikoak arte: berrantolaketa neurofuntzionala (Padovan metodoa), erreflexu primarioak, entzumena estimulatzea (Sena terapia) eta logopedia (Terapia Miofuntzionala). Tratatzen ditut pertsona helduren batzuk ere, baina gehienak umeak eta gaztetxoak dira. Balorazioa egin ondoren gure proposamena azaltzen diegu, batzutan gurekin terapia egitea izaten da, beste batzutan gurasoek etxean lan egitea umearekin eta beste batzutan beste profesional batzuengana bideratzen ditugu, azterketan ikusitakoaren arabera.

Zer nolako arazoak tratatzen dituzu?

Alde batetik, etortzen dira funtzionalitate arazo nabarmenak dituzten umeak: autismoa, garun paralisia, down sindromea, arreta galeragatiko eta hiperaktibitateagatiko asaldura (AGHA) … Baina gero eta gehiago etortzen dira bestelako zailtasunak antzeman dizkieten umeak ere: ikaskuntzari loturiko nahasmenduak (idazteko zailtasuna, irakurtzeko, kalkuluak egiteko), hizkuntza adierazpenaren nahasmenduak, psikomotrizitate arazoak... Horrez gain, prebentzio zerbitzua ere eskaintzen dugu, 0 urtetik aurrera. Etaparik garrantzitsuena 0-7 urteen artekoa izaten da, baina beranduago ere lan egin dezakegu funtzioak errekuperatzeko. Gainerakoan, arazo berezirik antzeman gabe ere, eskaintzen dugu etapa horiek behar bezala betetzen laguntzeko zerbitzua. 

Zergatik da hain garrantzitsua lehen 18 hilabeteetako fase hori?

Lehenengo 7 urteetan ezartzen dira pertsonaren garapenerako oinarrietako asko, eta horietatik fase asko lehenengo 18 hilabeteetan gainditzen dira.

Umetokian bederatzi hilabetez egon eta gero, umeak, jaio eta lehenengo 18 hilabeteetan eskuratzen ditu bizirauteko, hazteko, garatzeko eta ingurune fisiko, emozional eta kognitiboarekin erlazionatzeko bitartekoak.

Urte hauetan umeak aldaketa asko izaten ditu eta fase asko pasa behar izaten ditu aurrera egiteko. Etapa bakoitzean hurrengo pausoa emateko prestatzen da, erreflexu primarioak integratuz, bueltak eman, arrastaka joan edo lau hankatan jartzeko; tentetu, oinez jarri, korrika egin eta saltoka egin arte. Mugimendu bakoitzak neuronen arteko lotura berriak sortzen ditu eta horrela garatzen dira burmuineko area desberdinak. Errepikatzearen poderioz, loturak sendotzen joaten dira eta informazioa azkarrago pasatzen da batetik bestera. Pauso guztiak bere sasoian eta ondo emateak lagunduko dio haurrari etorkizunean bere abilidade eta gaitasunak erreztasunez eta konfidantzaz erabiltzen.

Mugimenduez gain, badira haurraren garapenean eragiten duten faktore gehiago ere, noski: genetika, haurdunaldia, erditzea eta abar, baina mugimenduak sekulako garrantzia dauka.

Behin eta berriz azpimarratzen duzu haurrak etapa guztiak betetzearen garrantzia?

Bai. Orokorrean pentsatzen dena baino garrantzi handiagoa du umeak zutik jarri arteko etapa guztiak betetzeak: bere buruari buelta ematea, arrastaka ibiltzea, lau hankatan ibiltzea… Hori da garapenaren oinarri bat. 18 hilabeterako etapa horiek pasatu ez baditu, detektatu eta laguntzen diogu errekuperatzen mugimenduen bidez.

Umeak lau hilabetekin burua altxatzeko gai ez bada, guretako alarmatxo bat pizten da; esan nahi du zer edo zer ez doala ondo, heldutasun falta bakarrik izan daiteke, baina komeni da adi egotea prozesua nola doan ikusteko. Askotan, umetan agertu ohi diren hutsuneei ez diegu behar besteko garrantzirik ematen eta gero nerabezaroan edo helduaroan azaleratzen dira. Zenbat eta lehenago hasi errezagoa da aurre egitea. Sarritan, LHn hasten direnean detektatzen dira arazoak, eskolaren exigentzia maila handitzen denean. 

Adibidez?

Iaz hamar urteko neskatila bat etorri zitzaidan. Ikasturtea oso justuan amaitu zuen eta gurasoak kezkatuta zeuden asko ahalegindu arren ez zuelako emaitza onik lortzen: idazketa erdizka, irakurketa erdizka, ulermen eta arreta arazoak… Irailean hasi zen terapia jasotzen eta lehenengo ebaluazio aldiko notak nabarmen hobetu zituen eta bera askoz gustorago dago. Lehen ez zuen interesik eskolako lanak egiteko eta orain gustura jarduten du. Hiru hilabetean bere egoera aldatu egin da. Gorputza landu dugu, lehenengo urteetako mugimenduak errepikatuz eta bilatzen genuen aldaketa lortu dugu. Batzuk bultzakada txiki batekin nahikoa izaten dute aldatzeko. Beste batzuk, berriz, denbora gehiago behar izaten dute. Bakoitza desberdina da eta prozesuak ere desberdinak izaten dira.

Txikitan alde kognitiboak baino garrantzia handiagoa dute mugimenduek eta alde fisikoak. Norbere gorputza zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta konfidantza gehiago izango du bere buruarekin. Gorputza, mugimendua eta autoestima batera doaz.

Terapia praktikoetan zer da zehazki lantzen duzuena?

Guk terapian lantzen duguna da nerbio sistema. Gure helburua da neurona arteko lotura berriak sortzea edo ondo garatu gabe dauden area edo sistemak indartzea, bakoitzaren trebetasun eta gaitasunak gehiengoan ateratzeko, hau da, persona ahalik eta funtzionalen izateko. Hori lortzen dugu naturak guretako prestatu dituen mugimendu naturalak errepikatuz.

Gure erronka da estimulazioaren bitartez, umeak ahalik eta garapen, potentzial edota funtzionalitate maila handiena lortzea.

Zer da otsailaren 1eko ikastaroan landuko duzuena?

Azalduko dugu neurogarapenerako faseak eta erreflexu primarioak zeintzuk diren, zein hurrenkeratan gertatu beharko liratekeen eta hurrenkera hori ez betetzeak edo etaparen bati salto egiteak zela eragin dezakeen etorkizunean. Horrekin batera, azalduko dugu nola izan gaitezken bidelagun prozesu horretan, batez ere guraso bezala baina baita hezitzaile moduan ere.

Erlazionatuak

Haurren garapenaren gaineko ikastaroa

BABESTUTAKO EDUKIA 2020 urt 31 Soraluze