Gaur 'Parkeen Ibilbidea'

Ubane Madera 2020ko urt. 22a, 10:02
'Parkeen ibilbidearen' mapa.

Gaur iluntzean, 18:00etan abiatuko dira Zubi Nagusitik Hamabostero Hankabero ekimeneko partaideak. Parkeen Ibilbidea egingo dute, Txurrukeneraino, Sagar Errekaraino, eta Ezozibideraino joanez, besteak beste. Bestalde, orain dela 15 egun egin zuten modura, 19:00etan ibilaldi autogidatua egiteko aukera izango da.

Gaur, udalerriko parkeak bisitatuz, herria goitik behera zeharkatuko dute Hamabostero Hankabero ekimenean parte hartuko dutenek. Izan ere, Txurrukeneko parkeraino zein Goleko parkeraino, bietaraino joango dira, erdibidean dauden bestelako haur parkeak ere bisitatuz.

Egoiliarren mapa

Ordubete inguruko bi ibilaldi egingo dituzte. Lehena gidatua izango da,18:00etan hasita, Zubi Nagusitik abiatuko dena. Eta bigarrena, 19:00etan abiatuko da Mesedeetako egoitzatik; hura ibilbide autogidatua izango da, gaur banatuko duten maparekin egitekoa. Hain justu, mapa hori Mesedeetako egoitzako egoiliarrek egindakoa da.

Ohi moduan, hamabostean behingo ibilbide hauek antolatzen dituzten Soraluze, Mugituz! topaguneko eta Mesedeetako egoitzako kideek interesa duten guztiak gonbidatu dituzte ibilaldietan parte hartzera.