Soraluzetarrek ere eskatu zuten euskal presoen eskubideen aldeko urratsak emateko

Ubane Madera 2020ko urt. 12a, 15:19
Soraluzetar taldea Bilboko manifestaziora abiatu aurretik, zubian. Argazkia: Soraluzeko Sare.

Soraluzetarrak ere izan ziren atzo euskal presoen giza-eskubideak aldarrikatzeko Bilbon egin zen manifestazioan; herritik bi autobus joan ziren, guztira, 90 herritar. 

Beste urte batez, ozen eta gizarteko eragile eta ordezkari sindikal eta politikoen babes zabalarekin euskal presoen aldeko aldarria kalera eroan zuten, Bilboko udaltzaingoaren arabera, 65.000 lagunek. 

Bilboko manifestazioaren amaieran, Espainian osatu berria den gobernua interpelatu zuten; behingoz, euskal presoen giza eskubideak bete ditzala eskatuz. Horixe eskatu zuten, besteak beste, ETAk eta GALek eraildako biktima banaren senideek: Rosa Roderok, Joseba Goikoetxea ertzainburuaren alargunak eta Axun Lasak, Joxean Lasaren arrebak, hurrenez hurren.

Horrekin batera, aurtengoa euskal presoen alde egindako azken manifestazioa izateko esperantza ere partekatu zuten bertaratu ziren milaka herritarrek. 

Ordu batzuk lehenago, Baionan ere mobilizatu ziren, 10.000 lagun inguru eta han ere urrats gehiago emateko eskatu zioten Frantziako gobernuari; presoei salbuespeneko neurriak ezabatu ostean, euren egoera "bake prozesuari egokitzea" da orain Bakearen Artisauak mugimenduak eskatzen duena. 

Atzoko moboilizazioen kronikak irakurgai daude Berria.eus atarian.