2020ko lehen Hamabostero Hankabero, gaur

Ubane Madera 2020ko urt. 8a, 10:19
Hamabostero Hankaberoren ikurrak zubian ipinita, gaur goizean, eguaztena.

Berritasunekin estreinatuko dute urtea Hamabostero Hankabero ekimeneko lagunek; gaur, 18:00etan egingo dute urteko lehen ibilaldi gidatua, eta horrez aparte, ordubete geroago bigarren bat egiteko aukera ere izango da, “ibilaldi autogidatua” formatuarekin.

Gaur, 18:00etan abiatuko da urteko lehen Hamabostero Hankabero ibilaldi gidatua. Zubi Nagusitik irten eta Soraluzeko Herri Kroseko ibilaldiari buelta bat eman ondoren, Zubien Ibilbidearen zati bat egingo dute partaideek, “ordubeteko irteera osatzeko”. 

Ibilbide autogidatua

Horrez aparte, eta gaurtik aurrera, lehen ibilaldia bukatu eta Mesedeetako egoitzan zigilua ipini ondoren, 19:00etan, ibilbide autogidatua egiteko aukera izango da, Mesedeetako egoitzatik bertatik abiatuta. Proposamena da egun horretako ibilbidearen mapa erabiltzea ibilbide autogidatua egiteko.

Ekimenaren antolatzaileek azpimarratu dutenez, “berrikuntza horrek ordutegi zabalagoa eskainiko die Hamabostero Hankabero egitasmoan parte hartu nahi duten erabiltzaileei”.