Futbolaren erakusleiho bikaina

Ubane Madera 2019ko abe. 29a, 12:50

Atzo, zapatua, Sorako Futbol Eskolari esker, Soraluze nabarmendu egin zen futbol eskolen mapan. 30 talde baino gehiago bertaratu ziren, Gipuzkoatik, Bizkaitik eta Arabatik Gabonetako Futbol Eskolako torneora etorrita. Egun osoaz zehar eehunka futbolari gaztek jardun zuten indartsu, kirolez blai, futbola bihotzean.

Futbol eskolaren torneoa izanik ere, benetako liga txapelketa bailitzan zelairatu ziren hiru lurraldetatik etorritako 30 futbol talde pasako jokalariak, onena emateko gertu eta gogotsu. Hotzari aurre eginez, goizean guztiek guztien kontra jokatu ondoren, arratsalde partean finalerdiak eta finalak jokatu zituzten. Kirioak dantzan izan zituzten futbolari eta guraso ugarik Ezoziko Futbol Zelaian atzo.

Azkenean, Sorako benjamin mailako 1. urtekoek eta 2. urtekoek, biek ala biek norbere finalerdiak irabazi eta 18:00etan batera jokatu zuten finala. Lehenek galdu egin zuten; bigarrenek, berriz, penaltietan irabazi. Nagusienen finalei dagokienez, berriz, haietan Deba eta Elorrio gailendu ziren.  

Guztiak garaile

Garaipenen gainetik, baina, futbolarekiko eta kirolarekiko zaletasuna saritu zuten antolatzaileek, Sorako Futbol Eskolakoek. Eta eguna borobiltzeko, jokalari eta entrenatzaile guztiei eman zieten domina ekimenean parte hartzearren; eta irabazleei, noski, kopa dotore bana.