Bihar futbolari gaztez beteko da Soraluze

Ubane Madera 2019ko abe. 27a, 15:26

Bihar, zapatua, egingo dute Gabonetako Futbol Eskolako Torneoa; 400 bat futbolari elkartuko dira Ezoziko Futbol Zelaian, Sora Futbol Taldearen eskutik. 

Bihar, zapatua, 09:00etan hasi eta 19:00ak arte jokatuko dute futbolean neska-mutikoek. Goizean, guztiek guztien kontra, sailkapen fasean. Arratsaldean, berriz, 14:30ean hasiko dira final-laurdenak: 18:00etan benjaminen finala eta 18:30ean alebinena. 

Sari banaketa bi txandatan 

Sari banaketari dagokionez, aurten berritasuna dago, izan ere, bi txandatan egingo dute: 19:00etan benjaminena eta 19:30ean alebinena. Hori bai, ohiko moduan, irabazleek ez ezik, gainerako partaide guztiek ere eskuratuko dute garaikurra. 

Futbol zelaira joateko autobusa 

Bestalde, aurten ere izango da autobusa futbol zelaira joateko: 08:30etik 14:30ak arte ibiliko da autobus bat eta 13:00etatik 19:30ak arte, berriz, beste bat. 

Autobusari dagokionez, Sorako Futbol Eskolatik gogora ekarri dute jokalariek dutela bertan ibiltzeko lehentasuna eta hori errespetatzeko eskatu diete autobusa erabiliko duten gainerako erabiltzaileei. Halaber, aldez aurretik barkamena eskatu nahi dute torneoan sor litezkeen eragozpenengatik "torneo hau gurasook antolatutako ekimena da, ez profesionalek antolatutakoa, beraz, pazientzia eskatu nahi dugu".