Urtarrilaren 30eko greba orokorra prestatzen hasi dira

Ubane Madera 2019ko abe. 22a, 09:05

Urtarrilaren 30eko greba antolatzeko batzarra, eguenean, Elkartegian.

Hainbat sindikatuk eta eragilek deituta, urtarrilaren 30eko greba orokorra prestatzen hasi dira udalerrian. Eguenean egin zuten lehen batzarra Elkartegian. Lan-pentsio-bizitza duina leloa izango du U30eko greba orokorrak; Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deitu du eta babes zabala eskuratu du dagoeneko.

Soraluzen ere hasi dira urtarrilaren 30eko greba orokorra prestatzen. Udalerriko hainbat lagun elkartu dira dagoeneko, eta grebara begira antolatzen hasiko dira.

Oro har, Euskal Herri mailan atxikimendu askorekin abiatu da greba deialdia; besteak beste, LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuek, mugimendu feministak, pentsiodunen mugimenduek (Soraluzekoak tartean), mugimendu ekologistak, Gipuzkoako garbiketako langileek, Bizkaiko metaleko langileek eta bazterkeriaren aurkako plataformek babestu dute. 

Aldarrikapenak

Grebaren bitartez, bestelakoen artean, honako aldarrikapenak egingo dituzte: 2011ko eta 2013ko erreformetan oinarritutako pentsio murrizketak indargabetzea; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa; pentsio sistemaren finantzazioa bermatzea kotizazio sozialen eta zergen bidez; lanaldi partzialeko kontratuetan kotizazioak zenbatzerakoan zigorrik ez aplikatzea. Lan egindako egun bakoitzeko, kotizazio egun bat; pentsioen jasangarritasun faktorea kentzea eta Zapateroren eta Raxoiren lan-erreformak bertan behera uztea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.