Egoitzako langileen mozioa onartuta

Ubane Madera 2019ko abe. 20a, 17:13

Egoitzako hainbat langile osoko bilkuran, atzo.

Atzo, udalbatzarrak onartu egin zuen egoitzetako gatazkaren gainean aurkeztutako mozioa. EH Bilduko zinegotzi guztien eta EAJko zinegotzi baten aldeko botoekin onartu zuten; EAJ eta PSE-EE abstenitu egin ziren. Egoitzako langile asko bertaratu zen batzarrera.

“Soraluzeko eta Gipuzkoako langile guztiekiko eta haien borrokarekiko elkartasuna adieraztea; Gipuzkoako Foru Aldundia interpelatzea epe labur batean gatazka laboral eta sozial hau konpontzeko ardura har dezan.Eta hari honakoa eskatzea: Soraluzeko egoitzan, eman gabeko zerbitzuaren zati proportzionala egoiliarren ahaideei itzultzea”. 

Atzo, udalbatzarrak hiru eskaera horiek onartu zituen egoitzetako gatazkarekin lotutako mozioa onetsita. Haren alde bozkatu zuten EH Bilduko zinegotziek eta EAJko Abel Olaizolak. Eta EAJko gainerako zinegotziak eta PSE-EEkoak, berriz, abstenitu egin ziren.

"Udalaz gaindiko gaia"

Botoa azaltzerako orduan, Iker Aldazabal alkate jeltzaleak azpimarratu zuen “kontziente” direla “gatazka luze” doala eta gatazkari ahalik eta bizkorren irtenbidea emateko nahia plazaratu zuen. Hala ere, adierazi zuen irtenbidea ez dagoela Udalaren esku, Udalaz gaindiko gaia baita egoitzari dagokiona. 

Gauza bera esplikatu zuen Patricia Borinaga zinegotzi sozialistak; hark gaineratu zuen kontuan hartuta PSE-EE Diputazioko gobernuan dagoela, berak, zinegotzi sozialista modura, eskaerari bide ematea baino gehiago ezin duela egin; hau da, mozioa ez galaraztetik harago ezin dela iritsi. 

Eta Unai Larreategi EH Bilduko ordezkariak, berriz, “poza” erakutsi zuen mozioa onartu izanagatik: “Gaur zuek hemen abstenituta, ea bada esperantza zabaltzen den Diputazioak ere aurrerapausoa emateko”, esan zuen; eta gaineratu zuen egoitzetako gatazka “larregiko sufrimendua” ari dela izaten “langileentzat eta egoiliarrentzat”. 

Bi langile gutxiago egoiliar guztiak jaikitzeko

Osoko bilkuren aretoan bertan elkartu ziren egoitzako langile asko. Haien izenean, eskerrak eman zituzten mozioa onartzeagatik. Baina, halaber, gaineratu zuten EAJk eta PSE-EEk, abstenitu barik, mozioaren alde bozkatu izan balute, mezu hori eraginkorragoa izango litzatekeela Diputazioan gobernatzen dauden alderdikideei begira. Aretoan zeuden bestelako bi herritarrek ere gauza bera helarazi zioten Udal Gobernuari. 

Horrez aparte, besteak beste, egoitzetako langileek azpimarratu zuten langile gehiago eskatzen badabiltza, langile gehiago behar dituztelako dela. Jakinarazi zuten, ratio berrien arabera, bi langile gutxiagoren artean jaiki behar dituztela ohetik egoiliar guztiak; gogora ekarri zuten urteetan ez dutela soldata igoerarik izan, eta azpimarratu zuten eurena lan mota gogorra dela, eta ahalegindu behar dela guztien artean egoitzetako zerbitzua hobetzen, hura delako “guztion etorkizuna”. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.