EHBilduk udal aurrekontuari buruz egindako irakurketaren harira, Iker Aldazabal alkateak puntualizatu zuen aurrekontuko partida ia denak gutxitu egiten diren arren, kontuan izan behar dela bi partida igo egiten direla: gastu korrientea (86.000 euro gehiago) eta pertsonalari dagokiona (126.000 euro gehiago): “Bi partida horiek gutxitu egiten dute inbertsiotarako dugun maniobrarako tartea”, esplikatu zuen.
“Guri ere gustatuko litzaiguke inbertsioak handitzea, eta beste bide batzuk ere badaude: maileguak eskatzea, kreditu aldaketak… baina gaur egun halakoak mugatuta daude, legez”, gaineratu zuen alkateak.
Elkarrekin jarduteko gonbita
Eta horrekin batera, eskua luzatu zion oposizioari elkarlanean jarduteko: “Likidaziotik etorriko den kopurua daukagunean Ogasun mahaian esertzeko gonbita egin nahi dizuet, dauden beharrak elkarrekin adosteko eta lehentasunak lantzeko. Udal Gobernuak badu borondatea elkarlanean Bildurekin halakoak adosteko. Beraz, onartzen baduzue, martxo-apirileko Ogasun Batzordean elkartuko gara”, bukatu zuen Aldazabalek.