Soraluzeko Udalean oposizioan dagoen EH Bildu koalizioak “hausnarketarako” beharra ikusten du Udal Gobernuaren “aurrezpenaren gainbehera” dela-eta. “Datuak benetan dira arduratzekoak. %17ko aurrezpen mailatik %9,9ra pasa gara urte gutxitan, eta gainera tendentzia negatiboan sartuta gaude bete-betean”, azpimarratu zuen Unai Larreategi bozeramaleak udal aurrekontuaren gaineko boto azalpenean.
Bi neurri
Hark gogora ekarri zuen, “urteak” daramatzatela “Udalaren egoera ekonomikoarekin kezkatuta”; uste dut Udal Gobernuaren tendentzia negatiboa apurtu beharra dagoela, eta Larreategik jakinarazi zuen oposiziotik bi neurri planteatuta dituztela aurtengo aurrekontuari begira:
- 1- “Udalak bere diru sarrera eta gastu guztien azterketa egin beharra dauka eta aurrezpen maila 600.000 eurotik gora igotzeko erabakiak hartu 2020ko aurrekontuetan bertan”
- 2- 2020ko aurrekontu zirriborroan argi ageri da urjentziazkoak diren hainbat inbertsioetarako ez dagoela nahikoa errekurtso, horregatik daude 1.000 euroko hainbat partida (…) de facto gaur onartuko den aurrekontuko proiektuak exekutatzeko 200.000 eurotik gora falta dira”.
Oposizioko bozeramaleak adierazi zuen 2020ko apirilean izango den soberakinarekin dagoeneko egon badauden behar batzuk derrigor ase beharko dituztela. Eta gogora ekarri zuen iazko soberakinaren zati handi bat ustekabean etorri zen igerilekuaren matxura konpontzeko erabili behar izan zutela. “Espero 2020an ez etortzea bestelako urjentziarik, ze orduan dauden beharrak ase ezinda eta proiektuak garatu ezinda geratuko dira”, esan zuen Larreategik.
Proiektu estrategikoak elkarlanean
Gauzak horrela, oposizioko bost zinegotziek ezezko botoa eman zioten aurrekontu proposamenari, baina horrekin batera, azpimarratu zuten ezezko horren gainetik, eta “errealitate ekonomiko gordin honen aurrean” ez dutela “gatazkarik elikatu nahi”.
Are gehiago, Larreategik adierazi zuen oposizioak nahi duela atzoko osoko bilkura “inflexio puntua izatea, soraluzetarrei etorkizun hobe bat eskaintzeko”, eta ildo beretik, Unai Larreategik eskua luzatu zion Udal Gobernuari aurrerantzean proiektu estrategikoak elkarlanean lantzeko: “Hirigintza plan orokorra, Udalaren egoera ekonomikoa, herriko aktibitate ekonomikoa pizteko beharra, hezkuntza proiektua… eguneroko kudeaketaren gainetik jarri behar ditugu. EHBilduko zinegotziak prest gaude gure ezagutza eta ekarpena proiektu horien mesedetan kokatzeko (…) Gainditu beharreko inertzia asko izan arren, proposamena egingarria dela deritzogu”.