Soraluzeko Udalak iazkoa baino %1,78 handiagoa den aurrekontua izango du 2020. urterako: 4.717.735 euro. Udal Gobernuaren (EAJ eta PSE-EE) aldeko botoekin eta EHBilduren kontrako botoekin onartu zen atzoko udalbatzarrean.
Iker Aldazabal alkateak inbertsio nagusiak aipatu zituen. Hurrenez hurren:
- 86.648 euro eskolako patiorako sarbidea zaharberritzeko
- 40.000 euro haur parkeak berritzeko (Txurrukeneko beheko parkea eta eskolako patiokoa)
- 35.000 euro landa-eremuko bideak konpontzeko.
- 27.000 euro gimnasio berrirako makinak erosteko.
- 23.000 euro 23.000 euro Dolmenen Ibilbiderako.
- 20.000 euro argiteria gastuetarako.
- 15.410 euro Ongizate Sailerako.
Apiriletik aurrerako inbertsioak
Halaber, alkateak jakinarazi zuen asmoa dela urtean zehar bestelako inbertsio txikiagoak ere egitea, 2019ko aurrekontuaren likidaziotik etorriko den soberakinarekin, apirilean. Aurten, esaterako, 398.000 euroko soberakina izan dute. Eta horrekin igerilekua zaharberritu dute, hezetasuna kentzeko makina ipini dute eta bi ibilgailu erosi dituzte, bata gainera, hibridoa.
Hori horrela, Udal Gobernuak egokitu ditu dagoeneko 1.000 euroko hainbat partida, apirileko soberakinari begira. Etorkizunean handitu daitezkeen partidak dira horiek, likidazioa dagoenean, alegia. Eta halakoak baliatuta, honako inbertsioak egitea aurreikusi du Udal Gobernuak:
- Errekaldeko 10. zenbakiko etxea eta Santa Anako 2. zenbakikoa (zubiko lehenagoko loradendakoa) botatzea.
- Skate-gunea egitea.
- Bidegorriko aisialdi-gunea egokitzea.
- Argiteria lanak.
- Sologoengo zentraletik eratorritako argindarraren gaineko azterketa lanerako. Udalaren helburua da, etorkizunean, Sologoenen ekoizten den argindarra saldu barik, udalerriko argiteria publikoaren eta eraikin publikoen beharrak asetzeko erabiltzea zuzenean.