Gaur iluntzeko osoko bilkurako azken-aurreko puntua egoitzetako gatazkarekin lotutakoa izango da. Izan ere, ELA sindikatuak babestuta, mozioa aurkeztuko dute Mesedeetako Amaren egoitzako langileen ordezkarien izenean.
Haren bitartez, gogora ekarriko dute Soraluzeko egoitzako langileek 150 greba-egun baino gehiago egin dituztela dagoeneko, lau urte daramatzatela hitzarmen barik eta lan-baldintzak hobetu barik, eta hiru urte negoziaziotan.
Azpimarratuko dute egoitzetako langileen %98 direla emakumezkoak, eta bestelako sektore azpikontratatuekin alderatuta (gehienbat gizonezkoenak diren sektoreetan) euren soldata-arrakala dela 6.000 euro gordinekoa.
"Erantzukizunik hartu nahi ez"
Horrekin batera, salatuko dute Gipuzkoako Diputazioak zerbitzuaren %90a finantzatu arren, erakundeak ez duela “erantzukizunik hartu nahi gatazka konpontzeko”. Halaber, gogora ekarriko dute hura ez zela ezta agertu ere egin azken bilerara, eta gainera, Eusko Jaurlaritzarekin batera erabaki dutela greba egunetan zerbitzu minimoak handitzea.
“Gure aldarrikapenak gizartearentzat ezinbestekoak dira: zaintza eredua errotik aldatu nahi dugu. Gaur egun nagusiek ordubete eta erdiko arreta eskasa hartzen dute egunean gure egoitzetan. Pertsonala hain da urria, ezin dugula kalitatezko zerbitzua eman”, salatuko dute mozioaren bitartez.
Eskaerak
Eta honako hiru eskaerak helaraziko dizkiete udal ordezkariei:
- Soraluzeko eta Gipuzkoako langile guztiekiko eta gure borrokarekiko elkartasuna adieraztea.
- Gipuzkoako Foru Aldundia, zerbitzuaren %90eko finantzatzailea, interpelatzea, epe labur batean gatazka laboral eta sozial hau konpontzeko ardura har dezan.
- Aldundiari ere honako hau eskatzea: Soraluzeko egoitzan, eman gabeko zerbitzuaren zati proportzionala egoiliarren ahaideei itzultzea.
Hau guztiau, esandako moduan, gaur iluntzeko osoko bilkuran aurkeztuko dute, eta iragarri dute egoitzako langileetako batzuk bertaratuko direla osoko bilkuren aretora.