Datorren urteko udal aurrekontu proposamena eztabaidagai izango dute bihar

Ubane Madera 2019ko abe. 18a, 10:12
Udal ordezkariak osoko bilkuran.

Bihar, eguena, urteko azkeneko osoko bilkura egingo du udalbatzak, 19:00etan hasita. Eta gai-zerrenda mardula izango dute udal ordezkariek mahai gainean. Punturik esanguratsuena 2020ko udal aurrekontu proposamena izango da. EAJk eta PSE-EEk osatutako Udal Gobernuak proposatuko du 4.717.000 euroko aurrekontua. Bestalde, udal idazkari berriaren lehen osoko bilkura izango da.

20 puntuz osatutako gai-zerrenda izango dute aztergai udal ordezkariek biharko osoko bilkuran. Puntuon artean, nabarmenena da 2020ko udal aurrekontu proposamena: 4.717.000 euro.

Kopuru hori aurtengo aurrekontua baino %1,8 handiagoa da, gutxi gorabehera. Iaz, berriz, %9,37 txikiagoa izan zen aurreko urtekoarekiko. Hala, bada, igoera proposatzen du Udal Gobernuak, besteak beste, inbertsio berriak egiteko. 

Txakurren txizak

Udal aurrekontuaz aparte, esandako moduan, bestelako gai mordoxka bat ere aztergai izango ditu udalbatzarrak. Horietatik batzuk aipatzearren, zibismo ordenantzaren aldaketa proposatuko du Udal Gobernuak, hain justu, txakurren txizek eragiten dituzten eragozpenei aurre egiteko asmoarekin. Horrekin batera, jakinaraziko dute Bake Epaitegia eta Ongizate Saila lekuz aldatu eta udaletxeko bigarren solairuan kokatuko direla, bertan egokitzapen obrak egin ondoren; Lanbideren enplegu plana ere aztergai izango dute, eta besteak beste, EH Bilduk, EAJk ta PSE-EEk mozioa aurkeztuko dute. 

Osoko bilkura publikoa da, beraz, interesa duen edozein bertara daiteke.

Aztergaiak

Hona hemen gai-zerrenda osoa:

  • 2019ko uztailaren 10ko saioaren akta, hala badagokio onartzea.
  • 2019ko urriaren 2ko saioaren akta, hala badagokio onartzea.
  • Alkatetzaren dekretuen berri ematea
  • 2020. urterako aurrekontua
  • 2020. urterako aurrekontuaren exekuzio-araua
  • 2020. urterako plantilla organikoa
  • Finantza iraunkortasunaren txostenaren berri ematea
  • Kreditu aldaketak
  • Zibismo ordenantzaren aldaketa proposamena.
  • Soraluzeko Udalaren ordezkaria izendatzea Euskal Fondoan.
  • Gaztematikarekin hitzarmen berria onartzea.
  • Udal Langileen soldataren igoera onartzea.
  • Gipuzkoa etorbideko xehetasun azterketa onartzea.
  • Ezozibideko xehetasun azterketa onartzea.
  • Ezozibideko lur zoru publikoaren desafekzioak onartzea.
  • Santa Ana 3ko beheko solairuaren salmenta egiteko alkatea ahalmentzea
  • Lanbide.Enplegua eta Tokiko garapena sustatzeko hitzarmena
  • Debabarreneko Mankomunitatearekin lankidetza hitzarmena; Datu pertsonalen lagapenerako
  • EH BILDU, EAJ/PNV eta PSE-PSOE taldeek aurkeztutako mozioa
  • Eskari eta Galderak