Omenaldi hunkigarria Joxe Mari Gomezi

Egoitz Unamuno 2019ko abe. 16a, 09:33

Zapatuan, omenaldi hunkigarria egin zion Soraluze Futbol Taldeak Joxe Mari Gomezi, hogeita bost urtez futboleko epaile moduan egin duen lana aitortu asmoz.  

Futbolari gaztetxoek osatu zituzten bi ilaren artetik sartu zen Joxe Mari zelaira, armailetako ikusleen txalo artean. Zelaiaren erdialdean bost dantzari eta txistularia zituen zain. Agurra dantzatu zioten hauek eta ostean, banan banan agurtu zuten ordurako hunkitua zegoen omendua. Gero, klubeko Presidenteak eta zuzendari teknikoak eskerroneko plaka bat eman zioten eta, arratsaldeko norgehiagokari hasiera eman zion ohorezko sakea ere atera zuen.

Azkenik, futbolariren besarkada eta txalo artean atera zen zelaitik eta armailetan zain zituen gaztetxoak eta senitartekoak agurtu zituen pozarren, eskuetan zuen plaka erakutsiz. 

Soraluze Futbol Taldeak omenaldi horrekin aitortu eta eskertu nahi izan dio Joxe Mari Gomezi hogeita bost urteotan epaile moduan egin duen lana. Bejondeizula Joxe Mari! 

Erlazionatuak