Ixak Mtivlisvili georgiarraren kontra borroka egingo du Bilbon

Egoitz Unamuno 2019ko abe. 13a, 09:00
Ixa borroka betean, Elgoibarren. Argazkia: Barren.eus.

Ixa Rodriguezek profesional mailako bosgarren konbatea jokatuko du bihar Bilboko Deportibon, Tamar Mtivlisvili georgiarraren aurka.  

Sasoiz “oso ondo” eta bihar borrokan egiteko “gogo askorekin” dagoela adierazi zuen Ixak atzo Euskadi Irratiari eskaini zion elkarrizketan. Bertan azaldu zuenez, azkenaldian gogor dihardu entrenatzen datorren urtean Espainiako txapelketa irabaztea helburu hartuta, eta horri esker, momentu onean dago.

Biharko boxeo jaialdia Club Deportivo Bilbaok antolatu du klubaren 125. urteurrena harira, eta arratsaldeko 20:00etan hasiko da Deportivo frontoian. 

 

Ringean Tamar Mtivlisvili georgiarra izango du aurkari. 

Lautik lau

Ixak 2018an debutatu zuen maila profesionalean eta harrezkero jokatu dituen lau borrokaldiak irabazi egin ditu; azkena, aurtengo maiatzean, Elgoibarren, Oksana Romanova ukrainarraren aurka.

Profesional mailan egiten ari den bide onaren erakusgarri, irailean, bost urterako kontratua sinatu zuen Madrilgo Promotion Boxing Kas boxeo enpresarekin.