Euskararen Eguneko ekitaldia

“Bidegurutzetik atera eta euskaraz bizitzeko jauzi kualitatiboa emateko unea" dela aldarrikatu dute euskaltzaleek

Egoitz Unamuno 2019ko abe. 4a, 17:25

Ehunen bat herritar batu ziren atzo arratsaldean 365 Taldeak deituta Plaza Zaharrean egin zuten ekitaldian. 2020ko Euskaraldia aurkeztearekin batera, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak idatzitako manifestua irakurri zuten. Manifestuan nabarmentzen denez, “euskaraz bizitzeko jauzi kualitatiboak emateko unea da” eta “herriz herri, auzoz auzo euskalzaleen mugimendua sortu eta indartu” beharra azpimarratzen du. Argazkiak: Fernan Oregi.

Ekitaldian Euskaraldia izan zuten ardatz nagusi eta lehen edizioko emaitzak aurkeztearekin batera, bigarren edizioak ekarriko dituen nobedadeen berri ere eman zuten. Horretaz gain, Kike Amonarrizen manifestua irakurri zuten eta ekitaldiaren amaieran argazki bat atera zuten elkarrekin. Ondoren, gaztaina erreak banatu jan zituzten A Tuti Plainek zuzenean eskaini zuen azken kantua entzunez. Izan ere, ekitaldian zehar Tuti Plain rock taldeak hiru kantu eskaini zituen.

Lehen edizioaren emaitzak

Euskaraldiaren lehen edizioak eman dituen emaitzak azaltzerakoan, azpimarratu zuten ariketan 220.000 herritarrek parte hartu zutela eta ikerketen arabera, ariketa egin eta hiru hilabetera, 5 puntuko igoera izan dela euskararen erabileran. Hori dela eta, adierazi zuten Euskaraldiak balio duela hizkuntzaren erabileran eragiteko. Ostean, gauza bera baieztatu zuten lehen edizioan parte hartu zuten bi herritarren testigantzen, Euskaraldiak euren hizkuntza ohituretan eragin dituen aldaketen berri eman baitzuten.

Bigarren edizioko nobedadea: talde ariketa

Euskaraldiaren bigarren edizioaren nondik norakoak ere azaldu zituzten. Nobedade nagusien artean, aipatu zuten datorren urteko Euskaraldiak hamabost egun iraungo dituela eta norbanakoez gain taldeek ere parte hartuko dutela. Zehazkiago esanda, edozein motatako entitateeetan ‘ariguneak’ izendatu ahalko dira, “euskaraz eroso egin ahal izateko guneak”. Hain zuzen, euren entitateetan ‘ariguneak’ bultzatu eta izendatzeko asmoa adierazi zuten Udaleko eta Soraluce kooperatibako ordezkariek, oholtzara igo zirenean.

Euskaltzaleen mugimendua indartzeko deia

Ekitaldiaren amaieran, Kike Amonarrizek, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, atzoko egunerako idatzi zuen manifestua irakurri zuten. Bertan, besteak beste, Amonarrizek aipatzen du “bidegurutzetik atera eta euskaraz bizitzeko jauzi kualitatiboa emateko unea” dela eta euskaltzaleen mugimendua idartzeko deia ere egiten du “bultza dezagun herriz herri, auzoz auzo euskalzaleen mugimendua sortu eta indartu ditzagun euskaltzaleen topaguneak eta Euskaraldiaren herri batzordeak Euskal Herriko txoko guztietan”.

Hain zuzen, herrian euskaltzaleen indartzeko asmoari jarraituz, eta Euskaraldiaren eragina indartzeko helburuz, 365 Taldeak Hizkuntza Aktibista Sarea izeneko taldea sortu du, antolakuntzan eta Euskaraldiaren berri zabaltzeko lanean parte hartu nahi duten herritarrek parte hartzeko aukera izan dezaten. Dagoeneko, hogeita hamar herritar baino gehiago eman dute izena.

Erlazionatuak