Iñaki Goenaga txapeldun!

Ubane Madera 2019ko abe. 2a, 10:11

Euskal Herriko Mendi Duatloiko zirkuituan  txapeldun izendatu berria da Iñaki Goenaga soraluzetarra. 25 urtez azpikoen mailan da txapeldun. Horrez gain, sailkapen orokorrean (gazteak eta nagusiak) 6. postua eskuratu du. 11 lasterketa korritu eta guztietan egin du podiuma soraluzetar gazteak. 

Irailean hasi eta joan den azaroaren 23an bukatu zituen Iñaki Goenagak (Soraluze, 1994) Euskal Herriko Mendi Duatloi zirkuitua osatzen duten 11 lasterketak. Estreinaldia izan du lasterketa mota horretan, eta ederki asko gauzatu du zirkuitua, izan ere, 25 urtez azpikoen mailan txapeldun izatea lortu du eta 6. postuan sailkatu da, berriz, nagusien mailan.

"Ahalegin handia"

Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan jokatzen da mendi duatloia eta lasterketa guzti-guztietan igo da podiumera Goenaga, lehen, bigarren edo hirugarren postuan. 

Goenagak kontatu duenez, mendi duatloiak “lasterketa motzak”  izaten dira: 5-6 kilometro korrika, 15-20 kilometro bizikletan eta gero beste 2,5 kilometro korrika: “Motzak dira baina ahalegin handia egin behar izaten da, terreno teknikoak dira, zailak eta aldapatsuak”, esplikatu du.

Orain dela 5 urte hasi zen soraluzetar gaztea mendi lasterketak egiten Katalunian ikasten zebilenean, eta hona bueltatu zenean erabaki zuen hemen mendi duatloietan proba egitea. 

Mailaz igo

Proba egin, irabazi, eta datorren urtean segitu egingo duela erabaki du, “zirkuitu erdia-edo" eginez: “Prestatuko ditut gehien gustatzen zaizkidan lasterketak; datorren urtean 25 urtetik gorakoen mailan lehiatuko naiz”, gaineratu du. 

Maila altua izaten da mendi duatloietan: “Ziklista profesionalek izandakoak, krosak egiten dituzten kirolariek…orokorrean maila handia izaten dute kirolariek; hala ere jendea animatuko nuke probatzera. Polita eta dibertigarria da. Korrika, bizikletan eta korrika egitean, ez zara batere aspertzen eta gainera, aukera dago bikoteka parte hartzeko; hau da, ibilbidea bi lagunen artean banatzeko, batak korrika egin eta besteak bizikleta, adibidez”, esplikatu du lasterkariak.  

Argazkiak: Iñaki Goenaga.