"Ahalegin handia" egingo du Bizikale elkarteak Gabonetarako izotz pista ekartzeko. Beldur apur batekin dio hori Ainhoa Ibarzabalek, Bizikaleko presidenteak.
Esplikatu duenez, 12.000 bat euro kostatuko zaie izotz pistaren alokairua, eta orain arte ez dira ausartu halakiorik ekartzen prezio hori dela-eta. "Aurten, horren aldeko apustua egin dugu, barraken ondoan, izotz pistak adin tarte zabalagoko jendeari bertan ibiltzeko aukera ematen baitio; ea bada, jendea animatzen den".
3 euro 20 minutu
Abenduaren 20tik urtarrilaren 6ra bitartean ipiniko dute pista ,11:00etatik 14:00ak arte, eta 17:00etatik 21:00ak arte, Plaza Zaharreko karpapean. Lauki itxurarekin, etxola eta txokoa ere izango ditu, patinak, oinetakoak eta bestelakoak jantzi eta eranzteko. DiverParke enpresako bi begirale ere izango dira, azalpenak ematen eta laguntzen.
Sarrerei dagokienez, 20 minutuz ibiltzea 3 euro kostako da. Eta oraingoz ez dute bonorik aterako.
Ikastaroak
Bestalde, izotzetan patinatzen ikasteko ikastaroa eskainiko diete LHko eta DBHko ikasleei. 20 euroko prezioan, hiru egunez, ordu beteko eskolak emango ditu Marras Irristaketa Taldeko Iraitz Ibarzabalek. Ikastaroetarako egun posibleak pentsatuta dituzte, baina interesaren arabera zehaztuko dituzte.
Argi gehiago ekarriko dituzte
Bestalde, Bizikalek, aurten ere, erdiguneko kaleak Gabonetako argiekin apainduko ditu. Argiak pizteko ekitaldia abenduaren 12an izango da. 19:00etan kontzejupean elkartu, txokolate beroa banatu eta ondoren, 19:30ean piztuko dituzte argiok. Iazkoekin batera, aurten Plaza Zaharreko zuhaitzak apaintzekoak ere ekarriko dituzte.