Euskaraldiaren bigarren edizioa aurkeztuko dute abenduaren 3an

Egoitz Unamuno 2019ko aza. 28a, 09:00

2018ko Euskaraldiaren hasiera ekitaldia.

Datorren martitzenean, Euskararen Eguneko ekitaldia egingo dute Plaza Zaharrean eta, bertan, 2020ko Euskaraldia aurkeztu eta manifestu bat irakurriko dute. Ekitaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta A Tuti Plain musika taldeak girotuko du.  

365 Taldeak adierazi duenez, datorren martitzenean herriko euskaltzaleak plazan batu nahi dituzte “elkarrekin ilusionatu eta datorren urtean berriz egingo den ariketa sozial erraldoia antolatzen hasteko”.

Aurreratu dutenez, martitzenekoa ekitaldi “bizi eta parte hartzailea” izango da: “Hasteko, lehenengo edizioan Belarriprest eta Ahobizi moduan parte hartu zuten herritar batzuek ariketak euren hizkuntz ohituretan izan duen eraginaren berri emango dute eta, ostean, bigarren edizioaren nobedadeak aurkeztuko ditugu. Gero, manifestu bat irakurriko dugu, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari den Kike Amonarrizek idatzi duena, Euskal Herriko euskaltzalee guztiei zuzenduta, eta manifestuaren ostean, herritarrei proposatuko diegu hizkuntza ohituretan izan dituzten lorpen eta desioak txarteltxoetan idatzi eta sare baten zintzilikatzea. Amaitzeko, elkarrekin argazki kolektiboa aterako dugu gaztaina erreak janez”. 

Gainera, martitzeneko ekitaldiak osagai musikal berezi bat ere izango du: A Tuti Plain. Izan ere, ekitaldian zehar rock talde soraluzetarrak bere hiru kantu joko ditu. 

Taldekako ariketak

Bigarren Euskaraldia 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da eta lehenengoak baino sei egun gehiago izango ditu, hamabost guztira. Horrekin batera, berritasun nagusi bat izango du: taldekako ariketak. Izan ere, bigarren Euskaraldiak banakako harreman pertsonaletan ezezik, talde eremuetan ere ariketa egiteko aukera eskainiko die herritarrei: lantokietan, enpresetan, administrazio publikoan, herrietako asanbladetan, kultur zein kirol taldeetan… Horrela, ahobizi eta belarriprestek aukera izango dute eremu berrietan inertziak apurtu eta hizkuntza ohitura berriak barneratzeko.