Hamabostero Hankabero gaur hasiko da, berritasunekin

Ubane Madera 2019ko aza. 27a, 09:48
Mesedeetako egoitzako eta Soraluze, mugituz! ekimeneko ordezkariak Mesedeetako egoitzan.

Uztailetik etenda egon ondoren, gaur eguaztena, hasiko dira atzera ere Hamabostero Hankabero ekimenaren baitako ibilbideak. Berritasunekin dator, gainera, ekimena: 19:00etan barik 18:00etan abiatuko dira, eta besteak beste, ibiltari bakoitzari kartilla bana emango diete,  ibilaldien amaieran Mesedeetako egoitzan zigilatu diezaieten, mendi taldeetan egiten den modura.

Gaur, eguaztena, estreinatuko du 2019-2020 ikasturtea Hamabostero Hankabero ekimenak. Eta berritasunez beteta dator. Nagusia da ekimena gauzatzeko elkarlanean jardungo dutela orain arteko antolatzaile Soraluze, mugituz! ekimeneko ordezkariek eta Mesedeetako zaharren egoitzako ordezkariek. 

Izan ere, bi elkarteek inklusioa, kirola, birziklapena eta bestelako filosofia batzuk konpartitu egiten dituzte. Eta horregatik erabaki dute iazko San Silvestre lasterketan egin zuten moduan, aurten Hamabostero Hankabero ekimena elkarrekin antolatzea. 

Zigilua jartzeko kartilla

Horrek bestelako berritasun batzuk ere ekarriko Hamabostero Hankabero ekimenaren aurtengo jardunean. Batetik, kartilla bana emango diete ibilaldietan parte hartuko duten herritarrei. Eta ibilaldi bakoitzaren amaieran zigilatu egingo dizkiete kartillok, Mesedeetako egoitzan, bertako egoiliarrek. Bestela esanda, Mesedeetako egoitzan bukatuko dira ibilaldiak, eta kartilla zigilatzeaz aparte, anoa, avituallamientoa ere emango diete ibiltariei. Horrez aparte, ikasturte amaieran (uztaileko jaien aurretik), kartilla zigilatuta duten guztiei opari bana emango diete, egoiliarrek eurek prestatuko dutena. 

Planoak prestatu

Bestetik, irteera ordua aldatu egin dute eta 19:00etan beharrean, aurten 18:00etan abiatuko dira ibilaldia egitera. Eta ibilaldiko gidaria ere “berria” izango da, izan ere, zeregin horretan txandakatu egingo dira egoitzako eta Soraluze, mugituz! ekimeneko ordezkariak eta egoitzakoak. 

Halaber, egoiliarrak dagoeneko lanean dira Hamabostero Hankabero ekimenari begira. Bertan ibilaldietako planoa, mapa prestatzen ibili dira, argazki eta guzti. Asmoa da gero plano horiek Hamabostero Hankaberoko partaide guztiei ematea.

Iaz 19 irteera

Gogoan izan Hamabostero Hankabero dela hamabostean behin taldean sei bat kilometroko ibilbideak egiteko ekimena, herritik zehar. Iaz estreinatu zen, Soraluze, mugituz! elkartearen bitartez, eta 19 irteera egin zituzten. Uztailean egin zuten azkeneko irteera eta esandako moduan, gaur azaroaren 27an ekingo diote ikasturte berriari.