Jokin Muñoz elite mailan, Donostiako maratoian

Ubane Madera 2019ko aza. 25a, 11:20

Lau hilabeteko prestakuntzaren ondoren, Donostiako maratoian bere markarik onena erdietsi zuen Jokin Muñoz soraluzetarrak atzo, domeka: 2.28.15 denbora eginez. Hori gutxi ez, eta sailkapeneko lehen hamar onenen artean helmugaratu zen, eta Gipuzkoako txapelketako hirugarren postua eskuratu zuen. Korrikalaria oso pozik eta gustura dago lortutakoarekin.

Collins Kipkorir keniarra helmugaratu zen atzo lehenengo Donostiako maratoian. Eta apenas 17 minutu geroago helmugaratu zen Jokin Muñoz korrikalari soraluzetarra; hortxe bada, elite mailako denbora egitea lortu zuen Muñozek, maratoiko lehen hamarren artean sailkatuta eta Gipuzkoako txapelketako hirugarren postua eskuratu zuen, gainera. 

"Nahi bezala"

“Karrera hasi aurretik une euritsuak alde batera utzi eta giro bikaina izan zuten. Lasterketa osoan zehar izugarrizko giroa igarri zuen, jende ezagun asko, lagunak, eta nola ez familia bertan zeudela. Karrera nahi bezala atera zitzaion, lehenengo 21 kilometroak lagun baten erbi lanen laguntza izan zuen eta maratoiaren bigarren zatia bakarrik egin behar izan zuen”, kontatu du Jokin Muñozen emazte Irati Iñurrietak.

Progresio ikusgarria

Bakarrik zein laguntzarekin, Muñozek lortutakoa handia da eta jakina, bera “oso pozik eta gustura” dago emaitzarekin. Hala, eskerrak eman nahi dizkie lau hilabete hauetan jaso dituen animo guztiengatik eta baita atzo eta gaur jaso dituen zorion agurrengatik ere.

Pentsa zelako aurrerapena izan duen Muñozek urteotan: 2016an, 56. postuan sailkatu zen Donostiako maratoian, 2:42:49 denbora eginez. Hiru urte geroago ya lehen hamarren artean dago. 

Argazkiak: Irati Iñurrieta.