Paula Rasconek brontzezko domina eskuratu du gimnasia erritmikoko Espainiako txapelketan

Egoitz Unamuno 2019ko aza. 17a, 21:09

Paula Rascon Sousak (Soraluze, 2004) jubenil mailako hirugarren postua eskuratu du Espainiako gimnasia erritmikoko txapelketan, Club Gimnasia Ritmica Ipuruako bere taldearekin. Argazkia podiumean: Maider Díez, Ainhoa Bizkarra, Paula Rascon, Ana Portu eta Izaro Altuna (Moises Altunaren alaba).

 “Amaitu eta negarrez hasi ginen, pozez” kontatu du Paula Rasconek. Bere hitzetan, klubarentzat ere garaipen garrantzitsua izan da: “Ipuruak jubenil mailan lortu duen lehen garaipena izan da eta urte asko ziren gaztetxoen mailetan saririk lortzen ez zela”.

Joan zen asteburuan Espainiar estatu osoko lurraldeetatik etorritako ehun eta bat talde lehiatu ziren Iruñeako Navarra Arena pabiloian eta Paula Rascon plazentziatarraren taldeak hirugarren postua bereganatu zuen. Taldekideen artean, bazen aita eta aitita-amamak plazentziatarrak dituen kide bat ere, bera eibartarra den arren: Izaro Altuna.  

Soraluzetik Eibarrera

2010ean, sei urte zituela, hasi zen Paula Rascon gimnasia erritmikoa praktikatzen, Soraluzen, garai hartan taldea baitzegoen herrian. Gero, herrian taldea desagertu zenean bi urte egin zituen gimnasiarik egin barik baina 2015ean berriz ekin zion, Eibarko Ipurua klubean eta hantxe jarraitzen du.

Exigentzia mailak gora

Orain arte Euskadiko txapelketan parte hartu izan du baina azaroan maila bat egin du gora Espainiako txapelketan parte hartuta. Udaz geroztik, Paulak ordu gehiagoz entrenatzen du. Astegunez, hiru egunetan, egunean hiru orduko saioak egiten ditu eta zapatuetan, berriz, lau ordukoak. Paulak igerri du aldea lehendik: “Orain arte nire helburua gozatzea zen baina orain exigentzia maila altuagoa da eta horrek kontzentrazio handiagoa eskatzen du. Iada ez daukagu horrenbeste denbora barrez emateko”.