Balorazio gazi-gozoa

Ubane Madera 2019ko aza. 11a, 17:54

Soraluzeko hiru indar nagusietako udal ordezkariek Espainiako hauteskundeen emaitzak baloratu dituzte. Unai Larreategi (EH Bildu) eta Iker Aldazabal (EAJ) kezkatuta agertu dira VOXen igoera dela-eta. Patricia Borinagak (PSE-EE) azpimarratu du, PSOEk “laugarren aldiz” irabazi dituela aurten hauteskundeak, baina horrekin batera aitortu du dauden zenbakiekin “zaila izango” dela “zerbait egitea”.   

Unai Larreategi EH Bilduko bozeramaleari positiboak iruditu zaizkio koalizioak herrian eskuratu dituen emaitzak, baita Euskal Herrikoak ere. Ostera, emaitza orokorrak kezkagarritzat jo ditu. 

Iker Aldazabal jeltzaleak ere positiboki baloratu ditu EAJk EAEn lortu dituen emaitzak; baina horrekin batera etorkizunarekiko kezka erakutsi du eta azpimarratu du VOXen igoerarekiko neurriak hartzea komeni dela. 

Patricia Borinaga sozialistak ere adierazi du "pozik" daudela herriko emaitzekin, eta Estatuko emaitzei dagokienez, hauteskundeak laugarren aldiz irabazi dituztela nabarmendu ondoren, aitortu du zaila izango dela "zerbait egitea emaitza horiekin”.