Politikarien mezuez gain, 'asperdurak' ere eragin lezake hauteskundeetan

Ubane Madera 2019ko aza. 8a, 15:10

Apirilaren 28ko hauteskundeetan, jende-ilarak sortu ziren hainbat momentutan.

Etzi, domeka, 2.912 soraluzetarrek dute botoa emateko eskubidea Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. Eta bost hauteskunde-mahai izango dira, kiroldegiko goiko solairuan. Adituen arabera, herritarren asperdurak eragina izango du oraingo hitzorduan . Soraluzeko kasuan, horrek ez ezik, Gaztañerre biharamuna izateak ere eragin lezake.

Domekan, ohi denez, 08:00etan osatuko dira hauteskunde-mahaiak; eta oraingo deialdian bestetan baino ikusmira handiagoa dago horren bueltan, Gaztañerre biharamuna izanda, ea mahaietan egotea tokatu zaien titular guztiak bertaratuko diren ala ordezko bati baino gehiagori tokatuko ote zaion hura ordezkatzea.

Aldagai asko mahai-gainean

Bata ala bestea, 09:00etarako mahaiek osatuta izan beharko dute, eta zabalik izango dira 20:00ak arte. Hori bai, ikusteko dago oraingo deialdi honetan zenbat herritarrek emango duten botoa, edo bestela esanda, zenbatekoa izango den abstentzioa. Oraingoan, horretan eragingo duten hainbat aldagai daude-eta mahai-gainean: herritarren asperdura, eguraldi makurra, Gaztañerre biharamuna…

Apirilekoetan, EH Bildu

Apirilaren 28an egin ziren Espainiako Kongresua eta Senatua osatzeko azken hauteskundeak. Soraluzen, EH Bilduk eskuratu zituen boto gehien: 642 boto (%30,23); oso gertu izan zuen EAJ 610 botorekin (%28,72). Hirugarren kokatu zen PSE-EE 396 botorekin (%18,64),Podemos izan zen laugarren, 275 botorekin (%12,95). PP izan zen, berriz, bosgarren 103 botorekin, Ciudadanos seigarren 45 botorekin eta Vox zazpigarren, 23 botorekin. Abstentzioa, berriz, %27,12koa izan zen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.