Iker Irribarria eta Danel Elezkano pilotari txapeldunak Soraluzen izango dira

Ubane Madera 2019ko aza. 8a, 10:45
Iker Irribarria eta Danel Elezkano. Argazkiak: Aspe.

Martitzenan, Iker Irribarria, pilotan inoiz izan den buruz buruko txapeldunik gazteena, eta Danel Elezkano, 2019ko binakako txapelduna Herriko Antzokian izango dira, Izarrekin Berbetan egitasmoaren baitan. Pilotari buruzko tertulia egingo dute, Xabier Eguzkitze kazetari adituak gidatuta. Doan da sarrera, baina gonbidapena behar da. Kiroldegiko harreran eskura daitezke gaurtik aurrera, agortu arte.

Aspe enpresako Iker Irribarria eta Danel Elezkano pilotari profesionalek pilotaren gaineko tertulia-saioa egingo dute datorren martitzenean, azaroaren 12an. Haurrek eta gaztetxoek erreferente izan daitezkeen euskaldun ospetsuak gertuagotik ezagutzeko Izarrekin Berbetan ekimenari esker bertaratuko dira.

19:00etan hasiko da saioa, eta Xabier Euzkitzek, pilotan aditua den kazetari entzutetsuak gidatuko du, ordubete inguruz. Doan da bertaratzea, baina gonbidapena eskuratu behar da sartzeko. Eta gaurtik eska daitezke, kiroldegiko harreran.

Biak ala biak txapeldunak

Antzokiaren gehienezko edukieraren arabera, 198 gonbidapen izango dira eta eskatzaile bakoitzari bina emango diete, ez gehiago. Bestalde, Soraluze Pilota Elkarteko pilotariendako 80 gorde dituzte. 

Iker Irribarria Olazabalek 23 urte ditu eta inoiz izan den buruz buruko txapeldunik gazteena da, 19 urte eta 326 egunekin jantzi zuen-eta txapela, 2016an. Harrezkero, eta bestelako garaipenen artean, Irribarria da aurtengo buruz buruko txapelduna eta baita binakako txapelketan txapeldunordea ere.

Danel Elezkano Bilbaok, Elezkano II.ak 25 urte ditu eta bera da Beñat Rezusta bergararrarekin batera, 2019ko binakako txapelduna. Horrez aparte, 2018an txapeldunorde izan zen, hor ere Rezusta atzelaria lagun zuela; eta 2013an Elezkano izan zen bigarren mailako buruz buruko txapeldunorde.