Iaz baino ia 100 kirolari gehiago izan dira Antxintxika Lasterketan

Ubane Madera 2019ko aza. 2a, 18:28

410 kirolarik bat egin dute gaur arratsaldean Etxaburueta kalean, Antxintxika Lasterketaren XV. edizioaren bueltan. Horien artean 12 izan dira soraluzetarrak. Bestalde, aurten berritasun modura, gurpildun aulkietan dauden bederatzi umek eta gaztek ere parte hartu dute, korrikalari boluntarioen laguntzarekin.

Arratsaldeko lehen ordurako hasi da kirolariz betetzen Etxaburueta kalea, orduantxe banatu dituzte-eta aurtengo Antxintxika Lasterketarako dortsalak. Durangotik, Bergaratik, Aretxabaletatik, Mutrikutik, Markinatik, Donostiatik… bertaratu dira lehiakideak, 410 guztira, iaz baino ia 100 gehiago. 

12 soraluzetar

Lasterketa hasi aurretik jakinarazi dutenez, “pozik” daude antolatzaileak aurtengo lehiakide kopuruarekin, Antxintxika Lasterketak 15. edizioa bete duelako batik bat.

Eta lehiakideen artean, aipamen berezia izan dute aurten lehen aldiz parte hartu duten bederatzi umek eta gaztek: zailtasun bereziak izanda, gurpildun aulkian parte hartu dute haiek, korrikalari boluntarioek bultzatuta. Umeei eta gazteei "irribarrea" ateratzeko helburuarekin bultzatu dute haien partaidetza, eta erretratuek erakusten dute lortu dutela asmoa.

Betalde, lehiakideen artean, 12 soraluzetarrak izan dira: hiru emakume eta bederatzi gizonezko, bata patinetan.