Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari izendatu berriak, euskararen biziberritze prozesuak gaur egun bizi duen egoeraz eta euskaltzaleen mugimenduak etorkizunean jarraituko dituen helburu eta estrategiez jardungo du martitzeneko hitzaldian, hizpide nagusitzat Euskaraldia hartuta. Lehen edizioak eman zuena aztertzearekin batera, bigarren edizioak izango dituen berritasunen berri ere emango du.
Hain zuzen, iaz Euskaraldia antolatzen jardun zuen 365 Lan Taldeak 2020ko udazkenean egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioa prestatzen hasteko baliatu nahi du Amonarrizen hitzaldia, "herriko euskaltzaleak batu eta urtebete barru egingo den ariketa kolektiboa antolatzen hasteko". Hori dela eta, hitzaldiaren ostean, luntxa eskainiko dute, parte hartzaileek elkarrekin gaia komentatzeko tarte atsegin bat izan dezaten.
365 Lan Taldea Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak, Udaleko Hizkuntza Politika Sailak eta euskaltzale boluntarioek osatzen dute eta Euskaraldia antolatzea du zeregin nagusi.