Gerra 1939ko apirilaren 1ean amaitu zen, eta Francok, Estatu Buruak, hil zen urtera arte (1975) iraun zuen diktadura ezarri zuen. Errejimen autoritarioa izan zen, alderdi politiko bakarra onartu zuena, Falange Española Tradicionalista y de las Juntas de Ofensiva Nacional Sindicalistas (FET y de las JONS), 1937an sortua.
Ez zen, ordea, alderdi politiko hitza erabiltzen; Mugimendu Nazionala izenez ere ezagutua izan zen, eta bando nazionaleko partaideez osatu zen: falangistak, monarkikoak eta militarrak.
Lehenengo gobernua 1939ko abuztuaren 8an osatu zuen Francok, Mugimendu Nazionaleko kideez osatuta, baina bere buruarengan kontzentratu zituen botere guztiak: exekutiboa, legegilea eta judiziala (tribunal militarren esku).
Pentsaera bakarra
Errejimen berriak hasieratik inposatu zituen bere baloreak: sinboloak, kale eta plaza izenen aldaketa, kode morala... Gainontzekoena, berriz, ezabatu eta isilarazi zituen, errepresio eta jazarpen politikoaren bidez askatasun indibidual eta sozial denak ukatuz (1931ko Konstituzioa, elkartaratze eta greba eskubidea, alderdi politiko eta sindikatuak, prentsa askatasuna, gaztelania ez beste hizkuntza guztiak...).
Sistema berriak ondo azpimarratu zuen irabazle eta galtzaileen arteko muga. Garaileek galtzaileen kontrako zapalkuntza, erbesteratzea, salaketa, mezpretxu soziala, desjabetzea edota gutxiespena zabaldu zuten. Ordutik hasita giza eskubideen zein eskubide politikoen urraketa ugaria izan zen erregimenaren babesean.
Urte gogorrak
Urte zailak izan ziren, gerra urteak ez ezik, gerra ostekoak ere, eskasia ekonomikoak astindutakoak, eta nazioarteko isolamenduak markatutakoak. Familia bakoitzean izugarrizko gertaerak izan ziren: senideen arteko banaketa, heriotzak, kartzelaratzeak, behartutako lanak, kontzentrazio-esparruak...
Gehienentzako urte gogorrak, baina bereziki, gobernu legitimoaren defentsan aritu ondoren, “galtzaile” eta errebeldetzat hartuak izan ziren haientzako, gerra eta errepresio denak jaso ostean, ezer gabe geratu ziren haientzako. Hasierako urteak, batez ere, bereziki gogorrak izan ziren, eta errazionamendu kartillak ohikoak izan ziren oinarrizko gaiak eskuratzeko.
Ahaztu barik
Errepresioak eragindako beldurrak, sufrimendu eta bizipenak pribatuan gordetzera behartu zituen “galtzaileak”, irabazleenak publikoki aitortuak ziren bitartean. Hala, historiaren atal garrantzitsua estalia geratu zen, baina protagonistek ez dute ahaztu.
Testigantza eman duten guztiek zehaztasun harrigarriz gogoratzen dituzte izua edo gozamena eragin zizkieten gertaerak: egun konkretuetan zehazki zer jan zuten gogoan daukate eta goseak egon zirela denek kontatzen dute, bonbardaketetako zaratak zehazki adierazten dituzte... Umorea ere ez daukate baztertzeko eta algaraka ere kontatu dituzte kontu batzuk.
Gerrak eguneroko bizimoduan sekulako eragina baldin badu ere, pertsonen arteko harremanek eta eguneroko bizimoduak aurrera egin behar dute, bizitzen jarraitu behar delako.