Dagoeneko 261 lagunek eman dute izena Antxintxika Lasterketan

Ubane Madera 2019ko urr. 30a, 10:13
Jon Zabala soraluzetarra iazko Antxintxika Lasterketan; aurten ere parte hartuko du.

Soraluzetik abiatuko da Antxintxika Lasterketa, zapatuan. Bergaran du helmuga, bertako San Martin plazan, eta ibilbidearen zatirik handiena Soraluze eta Bergara lotzen dituen bidegorritik pasatzen da. Oraingoz, 261 lagunek eman dute izena eta sei dira soraluzetarrak. Lasterketa gauzatzeko, Estaziñoko hainbat aparkaleku libre laga beharko dira 15:00etarako.

Antxintxika Lasterketa 16:30ean hasiko da, Etxaburueta kalean. Hand-bikean eta gurpildun aulkietan lehiatuko direnak irtengo dira lehenengo. 16:45ean, berriz, patindunen txanda izango da eta 17:00etan abiatuko dira korrikalariak. Dortsal banaketa, ohi denez, lehenago egingo dute: 11:30etik 13:30 era, Bergaran (plazan) eta 14:30etik 16:30era bitartean Etxaburuetako irteera gunean. 

Ibilgailuak erretiratu behar

Edozelan ere, 15:00etarako itxi egingo dute Etxaburueta kalea. Eta ordu bererako erretiratuta egon beharko dute Estaziñoko parketik bidegorriko zubiperainoko tartean dauden ibilgailu guztiak, eta baita ere, Ola inguruan, bidegorriaren hasierako etxebizitzen aurreko aldean aparkatuta egoten direnak.

Horrez aparte, berritasun modura, gurpildun aulkian dabiltzan edo bestelako zailtasunen bat duten neska-mutikoek ere parte hartuko dute aurtengo lasterketan. Eta haiendako aparkalekuak ere libre laga beharko dira 15:00etarako: Estaziño kalean 1-3 zenbakien artean, hain zuzen.

Hori horrela, Etxaburueta itxita dagoen bitarte horretan, zirkulazioa zubitik bideratuko dute. Hau da, Erregetxean aparkatutako ibilgailuren batek herritik irten behar badu, Zubi Nagusitik egin beharko du.

Lehen soraluzetarrak saridun

Behin lasterketa abiatuta, haren ibilbide nagusia bidegorritik pasatuko da. 10 kilometro izango ditu guztira, eta Bergarako San Martin plazan bukatuko da.

Sariei dagokienez, sei mailatan emango dituzte eta horietako bi sari izango dira Soraluzeko lehen gizonezkoarendako eta lehen emakumezkoarendako. Hain justu, Soraluzeko Udaleko ordezkarien eskuetatik jasoko dituzte sariok. Oraingoz sei herrikidek eman du lasterketarako izena, baina baliteke gehiago izatea zapatuan, oraindik orain, bada-eta izena emateko aukera. Hori egin daiteke kirolprobak atariaren bitartez.

Bestelako sariak

Horrekin batera, beste honako sari hauek ere banatuko dituzte:

  • 1go Debagoienako partaidea, MIKEL CRESPO SARIA (gizonezkoa / emakumezkoa).
  • Kros, Patinak, Hand-Bike, Gurpildun aulkiak: lehenengo hirurak (gizonezkoak / emakumezkoak).
  • Bergarako lehenengoak (gizonezkoa / emakumezkoa).
  • 1go beteranoa (gizonezkoa / emakumezkoa).
  • Lasterketako beteranoena.