Ondoren, Estatuarentzat egindako ondasunen konfiskazioen ordua heldu zen. Horien artean, NAI-BAT elkarteari egindakoa dugu, Kalebarreneko 26an zegoen Abenda-etxearen konfiskazioa, Batzokia.
Zirkulo Tradizionalistak okupatuta
1932an inauguratua, EAJ eta STVren egoitza soziala zen. Tropak herrian sartu zirenetik, Zirkulo Tradizionalistak okupatu zuen eraikina, eta 1937ko ekainaren 1ean ofizilaki konfiskatua izan zen, eraikina eta bertan zeuden ondasun guztiak. Jarraian Liberalaren txanda izan zen, eta hura ere desagerrarazi zuten.
Hasierako espedienteei beste askok jarraitu zioten, eta Komandantzia militarretik eskatutako informazio eskaera ugari tramitatu ziren Udaletik.
Hasierako errepresio gogor horri, gero, euskarri juridikoa eman zion Francok Erantzukizun Politikoen Legea eman zuenean. Legea 1939ko otsailaren 9an argitaratu zen, eta 1945ean indargabetua izan zen arte iraun zuen.
Ondasunak lapurtu
Lege horrek, 1936ko uztailaren 18ko altxamentuaren kontra agertu zen edonori eragiten zion; baina baita, gerra aurreko hainbat gertaerei ere, 1934ko iraultzari esate baterako.
Hala, Frente Popularraren alde egin zuten guztiak kondenatu zituen, pertsona fisiko zein juridiko, hau da, pertsona zein alderdi edo elkarte politiko, eta horiek guztiak legez kanpo utzi zituen. Legez kanpo izendatutako guztiek, bestalde, eskubideak eta ondasunak galdu zituzten errepresio ekonomikoaren tresna izan zen Ondasunen Inkautaziorako Batzordearen bitartez.
Horrez gain, 1940an kargu eta zigorren katalogo bat ezarri zen. Horrek iraultza militarra hiru modalitatetan sailkatzen zuen: iraultzarekiko atxikimendua, heriotza zigorra eta 20 kartzela urte bitartekoa; laguntza iraultzari, 20 eta 12 urte bi- tarteko kartzela zigorra; eta iraultza bultzatzea, 12 eta 6 urte bitarteko kartzela zigorra.
Soraluzetar asko auzipetuta
Gerra amaitu baino lehenago, milaka espediente zabaldu ziren lege haren babesean; eta batzuk denboran asko luzatu ziren, 60ko hamarkadaraino ere, nahiz eta, ordurako, legea indargabetua zegoen. Nahikoa zen auzokide batek salaketa jartzea, espedientea ireki eta prozesua hasteko.
Horretarako, epailea izendatu, eta hark txostenak eskatzen zizkien, alkateari, “Falange Española Tradicionalista y de las JONSS”-eko udal buruzagiari, abade parrokoari eta herriko Guardia Zibilaren komandanteari. Soraluzetar asko izan ziren erantzukizun politikoengatik auzipetuak.