Babajana eta Finalista Eguna egingo dituzte domekan, denboraldia amaitzeko

Ubane Madera 2019ko urr. 25a, 11:10
Neska-mutikoak iazko babajanean eta Finalista Egunean.

Soraluzeko Mendi Taldeko kideek denboraldia borobiltzeko ohikoa duten babajana egingo dute San Andres auzoan. 100 bat lagun elkartuko dira. Hori bai, lehenago mendi buelta egitera abiatuko dira eta Finalista Eguna ospatuko dute.

Domekan, 09:00etan Estaziñoan elkartu eta mendi buelta eginez hasiko dute denboraldiko azken hitzordua Soraluzeko Mendi Taldeko gurasoek eta umeek.

Egun betea izango dute, ezen udalerriko Finalista Eguna ere ospatuko dute domekan. Hori horrela, urtean zortzi mendi egin dituztenek dominak eta opariak jasoko dituzte. 45 neska-mutiko izan dira aurten finalista.

Babak eta makarroiak

Eguna borobiltzeko, umeak eta helduak elkarrekin babajana egingo dute. 100 bat lagun elkartuko dira. Eta haiendako babak prestatuko dituzte Larrañagak, Sebasek, Coutok eta Romanek, esandako moduan sakramento guztiekin eta gainera, saiheskia laban eginda. Bestalde, azken urteotan moduan, umeendako makarroiak ere izango dira.