Lehenengo, aurreko Udal-taldea atxilotzeko agindua izan zen, eta orduan kokatzen dira hainbat plazentziarrek jasandako gerra-kontseiluak. Jarraian, ezkertiar edo nazionalista ziren udal langileak kargugabetu eta ordezkatzea etorri zen, herritik alde eginda egon ala ez.
Franco eratzen ari zen errejimen ereduak aurreko sistemaren aztarna guztien desagerpena zekarren, eta horregatik, depurazio politikoaz gain, irakaskuntzaren depurazioak ezinbesteko garrantzia hartu zuen.
Maisu-maistrak
Horregatik, zabaldutako espedienteen artean herriko maisu-maistrenak ere baziren. Gipuzkoa eta Bizkaiko gobernadore zibilak herriko eskola denetan adskribatutako maisu-maistrei buruzko informazioa eskatu zuen, bere portaera soziala, partikularra eta ekintza politikoari buruzko informazioa. Gero, bestelako datuekin osatzea eskatzen zuen: herrian zegoen ala herritik alde eginda, maisu nazionalak ziren edo Aldundikoak, herrikoak edo eskola pribatukoak eta abar.
Benantzio Iñurrieta
Benantzio Iñurrieta udaleko alkateordea izan zen erreketeak herrian sartu ziren arte. 1931ko hauteskundeetatik udaleko zinegotzi zen EAJtik.
Kargu hori izanda, nazionalak herrira sartzerako alde egina behar zuen baina emaztea haurdun zegoen zortzigarren semearen zain eta Benantziok etxean geratzea erabaki zuen. “Hona sartu hogeta bixan, reketiak sartu zittuan. Eta hogeta seixan, bazkaltzera zoiala edo (ezkutuan, e! Ezkutuan etxian egon bihar), da! Sartu zittuan aguazillak bi reketekin armauta sukalderaiñokan ta “venga, tiene que venir con nosotros”. “Un momento, por favor – amak esan jotsen – iba a comer ahora”, “Enseguida volverá”. Eruan juen eta lau urtian egon zuan kanpuan.”
Hala kontatzen zuen Nikanorrek, Benantzioren semeetako batek. Lehenengo Donostiara eraman zuten preso. “Orduan esaten juen:”¿Con éste qué?”, “Ya hay tiempo para eso, para liquidarle ya hay tiempo”, behintzat hamengo batek. Fabrikako direktoria zala edo esaten juek. Berak be semia jaukan, ba, Bilbon preso.” Estatuko kartzela askotan izan ostean, zigorra murriztu eta etxera etortzea lortu zuen.