Soraluzeko errugbizaleek jakinarazi dute ordutegi eta kokaleku aldaketa egin dutela errugbian jarduteko. Hain justu, orain 18:30etik 19:30era bitartean egiten dituzte entrenamendu-jolasak, eta gainera Ezoziko Futbol Zelaian, Soraluzeko Udalak eta Sora Futbol Taldeak hura erabiltzen lagatzen diete-eta.
18:00etan plazan
Esplikatu dutenez, futbol zelaira bertaratzeko Plaza Zaharrean elkartzen segitzen dute; 18:00etan da horretarako hitzordua. Baina azpimarratu dute norbere kabuz ere badagoela 18:30erako futbol zelaira igotzerik, ze ateak zabal-zabalik dituzte taldearekin errugbian jokatu nahi duten neska-mutiko, gazte zein heldu guztiendako.
Kontaktuak
Errugbian jarduteko ekimena aurtengo irailean abiarazi zuen kirol horretan arituak eta adituak diren guraso talde batek herri osoari zuzendutako proposamen modura. Informazio gehiago nahi izanez gero, edo harremanetarako, bi telefono zenbaki helarazi dituzte, Whatsappa erabiltzeko: Erika 651 38 98 28 ala Enekoitz 676 89 04 75.