36ko gerra Soraluzen

Espedienteak kontrarioei

Erredakzioa 2019ko urr. 24a, 07:10

Bataloira bidaltzeko agintzen duen agiria, 1939koa.

Iraultzan parte hartzeagatik zein mugimenduaren kontrako pentsaerarengatik espedienteak zabaldu zizkieten herrian gerran ibili zirenei. Adibide batzuk dakartza gerrako gaurko pasarteak.

Salaketaren bat zutenei buruzko informazioa pertsona bat baino gehiagori eskatzen zioten: alkatea, abadea, guardia zibilaren komandantea eta herriko familia katoliko esanguratsua; eta nahikoa zen txosten horietako batean informazio negatiboa agertzea salatutakoa zigortzeko.

Beraz, espediente ugari ireki zizkieten herrian, gerran ibili zirenei, iraultzan parte hartzeagatik (atxikimendua, laguntza edo bultzatzea) eta beste askori, mugimenduaren kontrako pentsakeragatik. Ondorengoak bezalako erantzunak eman zizkieten presoak sailkatzeko batzordeak egindako informazio eskaerei (adibide batzuk): 

  • Vicente Gabilondo Iriarte. Komunista. Miliziano moduan aritu zen Frente Popularraren agintaldian. (1937ko azaroaren 13a) 
  • Luis Garmendia Guridi. Itxarkundia, euskal armadako 17. Batailoia. Lasarten jaioa, Otxandioko borroka lekuan hil zen. 27 urte. Ez da ezagutzen non izan zen lurperatua. 

  • Manuel Mugica Ariznabarreta, Carol. Sozialista. Frente Popularraren Batzordeko kidea. Herriko tradizionalistak Arratera eramatean hartu zuen parte. Batzordeak atxilotutako eskuindarrak iraindu zituen.(1937ko abenduaren 10a) 


Errepresiorako tresnak

Francoren errepresio plana tresna batzuez baliatu zen. Horietako bat gerra kontseiluak izan ziren, sumarioen instrukzioa zeramaten tribunal militarrak. Ondasunen Inkautaziorako Batzordea eta Erantzukizun Politikoen Legea izan ziren beste tresnetako batzuk. Azken lege horren helburu garrantzitsuenetako bat zigor ekonomikoak ezartzea izan zen.

Atxiloketarekin batera irekitzen ziren sumarioak, eta presoaren deklarazioak, testigantzak eta herriko agintarien txostenak jasotzen zituzten. Ondoren gertaeraren sailkapena eta sententzia ematen zen.

Horrela, presoak sailkatzeko batzordearen bitartez jasotako informazioek era bateko edo besteko zigorrak ekarri zituzten, kartzela zigorra, kontzentrazio-esparruak, ondasunak konfiskatzea, kargugabetzeak... baina baita fusila- menduak ere.

Erreketeek herria okupatu eta segituan, beraz, zabaldu ziren lehenengo instrukzio-espedienteak Soraluzen, eta hasi ziren atxiloketak, kargu- gabetzeak, ondasunen konfiskazioak eta iheslari izendatzeak.