36ko gerra Soraluzen

Soraluzera bueltatzen hasi zirenekoa

Erredakzioa 2019ko urr. 20a, 07:31

Bilbo jausi ondoren, zibilak herrira itzul- tzen hasi ziren. Batzuek Laredo eta Santoñaruntz jarraitu bazuten ere italiarrak sartu zirenean, ekainetik aurrera gehienak bueltan etorri ziren. Soraluzetar ugari ere bazen tartean, Isiltasuna Hausten liburuak dakarren moduan.

Kantabriaruntz jarraitu zuten asko ere laster itzuli ziren, 1937ko irailean. Izan ere, jasota daude irailaren 4an eta 12an, Santanderretik Pasaiarako bidaia La Galea itsasontzian egin zuten plazentziatarren izenak, gero handik Soraluzera iristeko.

Etxeak hankaz gora

Itzulera gogorra izan zen: etxeak prezintaturik eta erdi hutsik aurkitu zituzten.

Susana Zarobek esandakoaren arabera: “Sukalde guztia kakaz eginda eta oheko almohadekin tapatuta (topatu zeban amak) Santanderretik etorri zanian. Gure etxian ez zeben laga lapiko zahar baten taparik be ez. Ez koltxoi, ez ezer. Zela pasatu genduan? Ahal zan moduan!”

17 lagun etxean

Julen Iñurrietak ere gogoan zeukan etxean hamazazpi lagun egon ziren sasoia: “Handik jentia etortzen hasi zanian, etorri zittuan gure aman aldekuak, aittitta eta amama, tia Eusebi hiru umekin, tia Pura, tio Juanito. Danak gurera. Egon ginuazen sasoi baten hamazazpi lagun, eta hiru etxekuak falta. Orduan alkarreri asko laguntzen gontsan, familixakuak porsupuesto baina bestela be...”.

Itxi edo hustutako etxeetako giltza eske kuartelera joan behar izaten zuten. Beraien ibileren berri ematera derrigortuta zeuden gainera.

Emakumeak ezinbesteko

Gizonak preso edo herrian sartzeko baimenik gabe, egoera gogorrari aurre egin eta bizimoduari eusteko, emakumeek funtsezko funtzioa bete zuten. Familiaren zaintzaren ardura gehienetan osoa hartu zuten, bai ume eta zaharrena, baita kasu askotan frontean, kartzelan edo ospitalean zeuden gizonezkoena ere. Asko militarizatutako tailerretan hasi ziren lanean, edota bestelako lanetan. Soldatapeko lanean hasi behar izan zuten, beraz, ordura arte gutxi batzuek egin izan zuten moduan.