Nerea Mendia eta Hasier Ugarte plazentziatarren testigantzak Kataluniatik

Ubane Madera 2019ko urr. 17a, 11:49
Nerea Mendia Bartzelonan kalean, gaur goizean. Argazkiak: Nerea Mendia eta Hasier Ugarte.

Bartzelonan bizi diren bi soraluzetarrekin izan gara, zuzenean jakin nahian bertako tenperatura zein den. Oro har, Nerea Mendiak zein Hasier Ugartek, biek ala biek azpimarratu dute istiluak gauez, eta batik bat, hiri erdian dabiltzala gertatzen; aldiz, egunez, normaltasuna dela nagusi. 

NEREA MENDIA 

Nerea Mendia (Soraluze, 1985), berriz, lanera bidean harrapatu dugu. Eta horixe da, hain justu, azpimarratu duen lehen gauza, berbaz eta argazki bitartez: arazo barik, oinez zein metroz doala lanera, ze kalean lasaitasuna da nagusi: 

"Liskarrra da liskarretan dabiltzanen eta polizien artekoa"

“Orain kalean nago, lanera noa eta lasai-lasai dago kontua. Metroa ondo dabil, eta gainera, Gran Via ondoan egiten dut lan, eta eguerdian irteten naizenean ere ez dago liskarrik. Iluntzean blokeatzen dituzte bidea, kotxeak erre… Gaueko konfliktoak larriak dira, baina bertatik pasatu behar den herritarrei ez diete ezer egiten… horrek ez du kentzen hiria blokeatzen dabiltzala eta hori larria dela, baina herritarren kontra ez dute ezer egiten; liskarra da liskarretan dabiltzanen eta polizien artean”. 

"Eskandalua nahita sortzen dute, telebistan erakusteko"

“Irudi asko daude magnifikatuta eta jendeak edozer gauza aprobetxatzen du egoera berotzeko. Telebistak asko dabiltza manipulatzen. Adibidez, nik neuk atzo bertan ikusi nuen telebistako aurkezle bat atzean jendea geldi zuela, eta bat-batean esaten du: 'zuzenean sartzen gara!'. Eta keinu eginda, atzeko denak hasten dira liskarretan, elkarri biraoka; baina gainera barrez. Eskandalua nahita sortzen dute, telebistan erakusteko. Eta giroa nahiko bero dago berez, beraz ez lukete gehiago berotu behar halako mezuekin; goazen saiatzera bakea ipintzen eta onena egiten. Goazen soluzionatzera, ez jendea berotzera eta batzuk besteen kontra ipintzera”.

"Nire beldurra da noraino helduko garen"

"Ni beldurrez naiz, baina ez kalean gertatzen dabilenarengatik, baizik eta nora helduko garen, horrek beldurtzen nau. Geroago eta muturreko egoera gogorragoak daude. Espainiako gobernutik egin dutena sinestezina da askorentzat; nire iritziz ere, onartezina, ze edozeini askatasuna kentzen dabiltza. Beraz, hortik hasita, noraino ailegatuko gara? Hori da nire beldurra, nora goazen. Eta ni normalean ez naiz politika kontuetan sartzen den horietakoa”. 

"Badirudi Espainiako gobernutik adarra jotzen dabiltzala"

“Biharko greba handia izango da. Astelehenean hasi ziren protestak eta ikusten da handitzen doazela. Azken batean denbora luzea daramate kontu honekin eta geroago eta zailagoa izango da eustea. Gauza bat espero zen eta ez da irteten, eta badirudi adarra jotzen dabiltzala Espainiako gobernutik”.

HASIER UGARTE

Hasier Ugarte (Soraluze, 1985). 12 urte dira Bartzelonan bizi dela. Lanean harrapatu dugu. Honelaxe bizi du berak Kataluniako gatazka:

"Egunez ikusten diren protestak baketsuak dira"

“Konfliktoak badaude, eta badauzkat lagunak ezin izan direnak lanera joan autoz edo metroz, baina hiri erdigunean lan egiten dutelako. Hala ere, oinez joan dira arazo barik. Konflikto-guneak puntu jakin batzuk dira. Nire etxe inguruan, adibidez, (Sant Antoni) ez dut izan arazorik. Baditut lagunak justu atzo eta herenegun gauean konfliktoak egon diren inguruetan bizi direnak eta haiek bai esan dute etxeak kez beteta izan dituztela. Baina orokorrean ez dut beldurrik kalera irteteko. Hiri erdigunean azken bi gauetan igarri da mugimendu handiagoa eta erantzun gogorragoa dagoela beste urte batzuetan baino. Orain bi urteko urriaren 1ean, adibidez, (erreferenduma egin zenean) ez dut uste horren erantzun gogorrik egon zenik. Orain, bai igartzen da gogortzen doala. Hala ere, egunez ikusten diren protestak baketsuak dira". 

"Madrildik etorri diren erantzunek frustrazioa eragin dute"

"Nik uste dut azkenean prentsatik-eta dena magnifikatu egiten dutela. Biharko greba orokorrari dagokionez bai, handia izango da. Jende asko dator oinez egunotan Bartzelonarantz. Azken batean, orain dela 6-7 urte hasi zuten mugimendua Generalitateko politikariek eta herritarrek elkarrekin (Proces delakoa); prozesua markatu zuten, eta poliki-poliki pausoak ematen hasi ziren; jendeak lan handia egin du bide horretan, ilusio handia ipini dio, eta Madrildik etorri diren erantzunek jendea frustratu egin dute. Beste erantzunen bat espero zuten”.

"Madrildik ikusi behar dute jende askok pentsatzen duela desberdin"

“Espero dut buelta emango diogula gaiari eta erantzuna aldatuko dutela Madrildik: ez 155ik eta ez betiko ezezko hori. Ikusi behar dute jende asko dagoela desberdin pentsatzen duena eta horiek guztiak ere kontuan hartu behar dira; jakin behar dute arazoa zein den eta akordioa landu eta aurrerapausoak eman”