Hasi dira jakinarazpenak helarazten

Ubane Madera 2019ko urr. 17a, 09:45
Udaltzaina jakinarazpenak eskuetan dituela, gaur goizean.

Atzo arratsaldetik dihardute udaltzainek jakinarazpenak helarazten hauteskunde-mahaietan egotea tokatu zaien herritarrei. Datozen orduotan ere buru-belarri segituko dute zeregin horrekin. Behin jakinarazpena jasota, Udaltzaingora jo beharra dago. 

Ordenagailuak buruhausteren bat zein beste eman ondoren, zozketa apur bat atzeratu eta eguerdi ingurutik gertu eman zituen udaletxeko ordenagailuak datorren azaroaren 10ean hauteskunde-mahaietan egotea tokatu zaien 45 soraluzetarren izenak. Guztiak ez dira mahaietan egongo, jakina, herritar horien artean daudelako titularrak zein haien ordezkoak.

Epe motzagoak

Atzo arratsaldean bertan hasi ziren udaltzainak herritarrei jakinarazpenak bidaltzen, eta gaur, egun osoan segituko dute zeregin horretan. Izan ere, azaroaren 10eko hauteskundeekin lotutako lanei dagokienez, normalean baino epe laburragoak ezarri dituzte. Horren adibide, hauteskunde-kanpaina astebetekoa izango da, 15 egunekoa izan beharrean.

12 ordu pasako lana

Hauteskunde egunari dagokionez, berriz, 09:00etan zabalduko dituzte hauteskunde-mahaiak, 20:00ak arte, baina hauteskunde-mahaietan egotea tokatu zaienek eta haien ordezkoek 08:00etarako egon beharko dute kiroldegian, eta gainera, behin bozketa bukatuta, botoak zenbatu egin beharko dituzte. 22:00ak arteko lana izaten da, gutxienez. Eta 12 ordu pasako zeregin hori betetzearren, 65 euroko ordainsaria jasoko dute tokatu zaien soraluzetarrek.