Elgoibar eta Oñati bizikletaz lotuko dituzte, preso adinduak etxeratzeko eskaerarekin

Ubane Madera 2019ko urr. 16a, 12:20
Sare Herritarrak atzo egindako prentsaurrekoa, Oñatin. Argazkia: Txomin Madina.

Urriaren 27an Elgoibartik Oñatirainoko bizikleta-martxa antolatu du Sarek, Sebas Etxaniz eta Joseba Arregi euskal presoen etxeratzea aldarrikatzeko. Etxanizek 76 urte ditu eta 73 Arregik, eta aurkezpenean salatu zuten legeak berak 70 urtetik gorako presoei baldintzapeko askatasunerako eskubidea aitortu arren, hori ez dela betetzen kasu honetan. Soraluzeko ordezkariak ere bertaratu ziren aurkezpenera.

Atzo iluntzean Oñatiko plazan aurkeztu zuen Sare Herritarrak preson adinduengatik urriaren 27an egingo duten bizikleta-martxa; izan ere, Debagoiena eta Debabarrena, bi eskualdeak lotuko dituzte haren bitartez. Bizikleta martxa 10:00etan abiatuko da, Elgoibarko Udaletxe plazatik; 11:00etan Bergarara ailegatuko da eta 13:00etan Oñatin bukatuko dute ibilbidea, Foruen plazan. Han ekitaldia egingo dute amaitzeko.

"Mendekuan oinarrituta"

Aurkezpen ekitaldian gogora ekarri zuten Sebas Etxaniz (Soraluze-Elgoibar) eta Joseba Arregi (Oñati) euskal presoek 70 urte baino gehiago izan arren preso jarraitzen dutela, nahiz eta legeak baldintzapeko askatasunerako eskubidea aitortu adin horretatik gorakoei presoei. Horregatik uste dute politika hori “mendekuan” oinarritzen dela; oro har, “salbuespen neurriak indarrean jarraitzen” duela, eta “espetxe sistemak ezarritako bidea egiteko aukerak eten” egiten dizkietela bi euskal preso horiei.

Horrekin batera, gogora ekarri zuten presoen adinak eragin egiten diela, baita ere, haien senideei: “Adinean gora egiten duten senideek espetxean ehunka kilometrotara urrundua duten familiartekoa ikusteko aukera galdu dezakete adinak dakartzan zailtasunak medio distantzia luzeak egiteko eragozpen fisikoak direla-eta”. 

Biak 81 urterekin

Sebas Etxanizi dagokionez, salatu zuten zigorraren hiru laurdenak beteta izan arren, “zigor osoa betetzera kondenatuta” dagoela eta horren arabera, 2024an, 81 urterekin geratuko litzatekeela aske, “denon artean espetxe-politika hau aldatzen ez badugu”. Gaur egun Villabonako (Asturias) kartzelan dago hura, “etxetik 330 kilometrora”.

Joseba Arregi oñatiarrari dagokionez, berriz, hura ere 81 urterekin geratuko litzateke aske, 2028an, "Frantzian betetako zigorren batuketa aplikatuko baliote kalean beharko" lukeen arren, salatu zutenez.

“Sebas eta Joseba etxean behar ditugu, benetako elkarbizitza eta bakea behar bezala eraiki ahal izateko egungo errealitatera moldatu behar duen espetxe politika behar dugu, eta ez iraganari lotuta dagoen politika”.