Dagoeneko 77 erreklamazio

Ubane Madera 2019ko urr. 14a, 11:12
Igerilekua gaur, urriaren 14an.

Igerilekua itxita izan den bi hilabeteengatik kiroldegiko abonuaren zati bat itzultzeko eskatu dute dagoeneko 77 lagunek. Azaroaren 15era arteko epea dago eskaerak aurkezteko. Kiroldegian eskura daitezke erreklamazio-orriak, eta bertan entregatu behar dira.

Ekainaren 30etik irailaren 30era arte igerilekua itxita izan dela-eta, Soraluzeko Udalak aukera eman die igerilekuaren erabiltzaileei abonuaren zati bat itzultzeko eskaerak aurkezteko. Eta dagoeneko 77 lagunek aurkeztu dute erreklamazio-orria kiroldegian.

Denetariko eskaerak

Orain dela pare bat astetik aurkez daitezke eskaerok, eta orain arte aurkeztutako kopurua altua dela uste dute kiroldegiko arduradunek. Eskatzaileen artean, denetik dagoela jakinarazi dute; baita igerilekua sekula erabili ez dutenak ere. Era berean, baina, bada ere igerilekua sarri erabili eta oraingoz eskaerarik aurkeztu ez duenik.

Bueltatuko dituzten kopuruak

Kontuak kontu, azaroaren 15era arte dago eskaerak aurkezteko epea. Abonu motaren araberako kopuruak bueltatuko dituzte, 16 eta 54 euro bitartean:

 • Familiarra: 54 euro
 • Familiar langabea, erretiratua, minusbaliatua eta laguntza soziala jasotzen dituztenak: 27 euro
 • Familia ugariak eta guraso bakarrekoa: 35 euro
 • Indibiduala, 18 urtetik gora: 30 euro
 • Indibiduala 18 urtetik behera, ikasleak, langabeak eta laguntza soziala jasotzen dutenak: 20 euro
 • Indibiduala, erretiratua eta minusbaliatua 16 euro