Hauteskunde mahaiak osatzeko zozketa, etzi

Ubane Madera 2019ko urr. 14a, 09:26
Herritarrak botoa ematen, maiatzean.

Etzi, eguaztena, zozketa egingo dute, datorren azaroaren 10ean izango diren Espainiako hauteskundeetako mahaiak osatzeko. 45 herrikideren izenak aterako dituzte, ordenagailua baliatuta. Oraingo honetan, ohi baino ikusmira handiagoa dute herritar askok, Gaztañerre biharamuna delako hauteskunde-eguna.

Hautesleku bakarra (kiroldegia) eta bost mahai izango dira Soraluzen azaroaren 10eko hauteskunde orokorretan, Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan, alegia. Mahai bakoitza osatuko du lehendakari batek eta bi bokalek, eta ordezko bina ere izango dituzte haiek, ezintasunen bat tokatuz gero, haren lekua betetzeko.

9 lagun mahai bakoitzeko


Eta eguaztenean, ordenagailu bidez egingo dute zozketa, mahaietan egon behar duten soraluzetarren izenak ateratzeko. Hauteskunde mahai bakoitzeko 9 lagun behar direnez, 45 lagunen izenak atera dituzte. Ohi denez, datozen egunotan jasoko dute haiek mahaietan egotea tokatu zaienaren jakinarazpena, udaltzainen eskutik.

Oraingo honetan ikusmira handia dago zozketarekiko, ze Gaztañerre biharamunean dira hauteskundeak. Halakoetan ohi denez, norbaitek egun horretan ezingo balu tokatu zaion zeregina bete, datozen egunotan aurkeztu beharko du erreklamazioa hauteskunde batzordean, ahalik eta lasterren.

Ezintasunak

Ezintasun jakin batzuk onartzen dituzte egun horretan ez bertaratzeko, baina ez da izaten erraza haien onespena. Berez, osasun arazoak, ume txikiak zeinek zaindu ez izana, hainbat lan-jardunengatik ezin bertaratu izana… dira onartzen dituzten arrazoiak.