Kanpoan dituzte hitzorduak

Ubane Madera 2019ko urr. 10a, 13:05

Asteburu honetan, Soraluze Futbol Taldeko ekipoek kanpoan dituzte hitzorduak: gorengo mailak Antzuolan eta kadete mailakoek, berriz, Azpeitian. Biek ala biek zapatuan jokatuko dute. Gorengo maila bolada onean joango da Antzuolara, sailkapenean 5. postuan dabil-eta.

Orain arte jokatutako lau partiduetatik bi partidu irabazi, bat berdindu eta bat galdu egin du Sorako gorengo mailako taldeak. Eta horri esker, ondo kokatu da sailkapenean ligaren hasieran gauden honetan.

Izan ere, 7 punturekin bosgarren postuan dago Sora, eta puntutan berdinduta dago sailkapeneko 3. postutik 8. postura bitarteko taldeekin.

Puntu garrantzitsuak

Asteburu honetan, zapatuan, 13. postuan dagoen Antzuola Kirol Elkartearekin du norgehiagoka, Estala futbol zelaian, 16:30ean. Beraz, irabazteak hiru puntu garrantzitsu eskuratzea ekarriko lioke Sorari, sailkapenean aurrenenego postuetan finkatzen laguntzeko.

Eta Sorako gainerako taldeei dagokienez, berriz, bakarrik kadete mailakoek jokatuko dute partidua. Haiek Azpeitiko Ikasberri taldea izango dute aurrez aurre, zapatuan, 16:00etan Garmendipe futbol zelaian.