Azaroaren 10eko hauteskundeetan “bozkatu beharra” dagoela azpimarratu du EAJk

Ubane Madera 2019ko urr. 9a, 12:34
Debabarreneko EAJko ordezkariak Kongresurako eta Senaturako hautagaiekin, Eibarren. Argazkia: EAJ.

Gaur goizean hauteskunde aurreko lan-bilera egin dute Debabarreneko EAJko ordezkariek Kongresurako eta Senaturako hautagaiekin, Eibarren. Oro har, “gizartearen haserrea eta desilusioa sortu” duen egoerari buelta eman eta hura “boto aktibo” bilakatu beharra azpimarratu du Joseba Agirretxea Kongresurako hautagaiak.

Datorren azaroaren 10eko Espainiako hauteskundeetan bozkatzera joan beharra dagoela azpimarratu du Eibarren EAJko Joseba Agirretxea diputatuak eta Kongresurako hautagaiak: “Ezin gara etxean gelditu beste batzuk gauzak gaizki egin dituztelako; bozkatzera joan behar dugu”.

"Herriaren hitza Madrilen"

Hain justu, horixe salatu dute jeltzaleek, besteak beste: beste alderdi politiko batzuek ez direla gauza izan “gizarteak emandako erantzukizuna betetzeko”, eta horrek sortu duela “gizartearen haserrea eta desilusioa”.

Ordezkari jeltzaleak azpimarratu du orain egoera horri buelta eman behar zaiola eta “inportantea eta beharrezkoa” dela “gure herriaren hitza Madrilen izatea”, haserre hori "boto aktibo" bilakatuz.

Aurre-kanpaina ekitaldi honetan, Joseba Agirretxearekin batera izan dira Iker Aldazabal Soraluzeko alkatea, Ane Beitia Elgoibarkoa, Josu Mendikute Eibarko jeltzaleen bozeramalea, Iñigo Barandiaran Kongresurako hautagaia eta Maribel Vaquero eta Mertxe Garmendia Senaturako hautagaiak.