Udaletxetik bidera daiteke hauteskundetako propagandarik ez jasotzeko eskaera

Ubane Madera 2019ko ira. 26a, 13:15
Jendea botoa ematen, maiatzeko hauteskundeetan.

Azaroaren 10eko hauteskundeekin lotuta, alderdi politikoen propaganda ez jasotzeko gero eta eskaera gehiago dabiltza egiten Espainiako Estatistika Institutuari. Soraluzetik ere bidera daiteke eskaera; udaletxean daude inprimakiak. Urriaren 7a aurretik bideratu behar dira eskaerak. 

Horrenbeste hauteskunde hitzordurekin gogaituta, gero eta herritar gehiago dabiltza hautets propaganda ez jasotzeko eskaerak bideratzen Espainiako Estatistika Institutura (EEI-INE). Soraluzen ere egin daiteke hori. 

Horretarako inprimakiak udaletxean eska daitezke, beheko zein goiko solairuan. Hura bete eta entregatu egin behar da. 

Erroldatik kendu

Hori bai, urriaren 7a baino lehen entregatu behar dira orriok. Azken finean, prozedura horren bitartez egiten dena da EEIri eskatu kentzeko norbere izena hautagai-zerrendetako ordezkariei ematen zaizkien hautesle-erroldatik; horrela, haiek propagandarik bidal ez dezaten.

Udaletxeaz aparte, INEren atarian ere badira eskaera bera egiteko inprimakiak. Baina haiek betetzeko NAN elektronikoa eduki beharra dago.  

Hori bai, dagoeneko alderdiak hasi dira posta bidezko botoarekin lotutako propaganda helarazten etxeetara. Egunotan horrela egin du, esaterako, alderdi sozialistak Soraluzen.