Balio izan du. Hizkuntza ohiturak aldatzeko urratsa egin zuten milaka euskaldunek Euskaraldian, eta eragina nabari da oraindik ere, nahiz eta intentsitatea galdu duen denborarekin. Parte hartzaileek azaldu dute euskaraz gehiago egiten dutela Euskaraldiaren aurretik baino. Aldaketa handiagoa egin dute euskararekin lotura txikiagoa izan dutenek: inguru erdalduna dutenek, gaitasun mugatua dutenek eta erdararako joera dutenek. Areago, aldaketa ez dute ahobizi roleko kideek soilik egin: belarriprestak ere gehiago aritzen dira euskaraz. Euskaraldiko egunetan, apar betean, igoera handia izan zuen erabilerak, eta apaldu egin da asteak igaro ahala. Irabazia utzi du, hala ere. Espero zuten: horregatik proposatu dute aldian-aldian egitea ariketa. Datorren urtean izango da bigarrena: beste koska bat irabaztea du xede.
Joan den udazkenean egin zuten lehen Euskaraldia. 225.000 lagunek parte hartu zuten. Eragina aztertzeko asmoz, ikerketa bat egin du Soziolinguistika Klusterrak. Joan zen astelehenean egin zuten aurkezpena. Hiru galdetegi bidali zizkieten parte hartzaileei: ariketa hasi aurretik, amaitu berritan eta handik hiru hilabetera. 18.400 lagunen emaitzak hartu dituzte kontuan: hiru galdetegiak erantzun dituztenenak. Beste 450 lagunekin ikerketa kualitatiboa ere egin dute. Datu aitortuak dira guztiak, hortaz: jendeak zer adierazi duen.
ALDAKETA, ZENBATEKOA?
Euskaraldiko egunek eragin handia izan zuten partaideen jardunean: hogei puntu hazi zen euskararen erabilera, %67tik %87ra. Egun haien arrastoa txikitu egin da asteak igaro ahala: hiru hilabeteren buruan, %72koa zen erabilera. Datu horiek agerian jarri dute 11 eguneko ariketaren eragin modua: berehala, bai, handia da arrastoa, baina, esku hartze laburra denez, apaldu egiten da gero. Datuak gisa berekoak dira egunerokoan euskarak zer presentzia duen galdetzean: Euskaraldiaren aurretik, %57; amaitu orduko, %73; eta hiru hilen ondoren, %60.
ALDAKETA HANDIENA, NORK?
Euskaraldiaren arrastoa bereziki izan da nabarmena partaide talde batzuetan. Batetik, gaitasunaren ikuspegitik, euskaldun hartzaileen artean —ulertu bai, baina hitz egiteko zailtasunak dituztenak—. Maila mugatua izan arren ahobizi rola hartu dutenek hamalau puntuko irabazia dute erabileran hiru hilabete igarota; belarriprest rola hartu dutenek, zortzi puntukoa. Aldiz, euskaraz egoki hitz egiteko gai direnen artean, txikiagoa da irabazia: ahobiziek, bost puntu; belarriprestek, zortzi. Kontuan izatekoa da euskaraz egiteko gai direnen erabilera nabarmen handiagoa dela, hobetzeko tartea txikiagoa dela hiztun horien artean.
Antzeko joera ageri da datuak gune soziolinguistikoaren arabera aztertzean: euskarak zenbat eta presentzia txikiagoa herrian, zenbat eta euskaldun gutxiago, irabazia handiagoa izan da. Lehen eta bigarren gune soziolinguistikoetako parte hartzaileek izan dituzte irabazirik handienak. Badira bi ñabardura, hala ere. Bat: Euskaraldiko egunetan igoera ikusgarria izan zuten, baina jaitsiera ere nabarmena gero —trinkotasunarekin lotu dute: euskaldun gutxiagorekin, euskaraz egiteko aukera txikiagoa—. Bi: igoera horiek gorabehera, euskararen erabilera askoz handiagoa da beste guneetan.
ROLAK BETE DITUZTE?
Bi rol izan zituen Euskaraldiak. Bat, ahobizi: ahal zen guzti-guztietan euskaraz egiteko konpromisoa zuena, nahiz eta solaskideak erdaraz egin. Bestea, belarriprest: euskaraz aritzeko oztopo ez izateko hitza hartu zuen. Txapak hartu zituzten bi roletako kideek. Gehienek jarri zituzten: hirutik bik baino gehiagok, «beti edo ia beti». Ahobizien konpromisoa, ulertzen dutenekin euskaraz egitea eta ezezagunei euskaraz hastea, %60 inguruk bete zuten. Belarriprestek bazuten eskari bat: solaskideei eskatzea euskaraz egin diezaietela. %11k bete zuten.
NORBERE KONTUA SOILIK DA?
Hitz egitean euskarara jotzea, erdararako joera haustea izan zen Euskaraldiaren helburua. Zenbat lortu den, neurria aldatu egiten da solaskidearen arabera: batzuekin gehiago lortu dute ohiturak haustea. Hau da faktore bat: solaskidea ezaguna den edo ez. Ohiturak aldatzeko ariketak gehiago eragin du ezezagunekiko harremanetan: «Badirudi aldaketa errazagoa dela ezezagunekin, harremanak askotan laburrak eta azalekoagoak izan ohi baitira». Ezarritako ohiturak aldatzea nekezagoa da; horrek eragina du familian eta lagunekin, adibidez. Beste faktorea: solaskidearen gaitasuna. Euskaraz aise egiten dutenei euskaraz egiten diete ia euskaldun guztiek, baina, gaitasuna jaitsi ahala, gutxiago. Euskaraz mintzatzeko zailtasunak dituztenei %78k egiten diete; ulertu soilik egiten dutenei, %40k; eta erdizka ulertzen dutenei, %10ek. Euskaraldiak mugitu zituen jokabideak: ulertzen dutenei gehiago egin zieten euskaraz. Ondo ulertzen dutenen kasuan ere izan da igoera.
ADINAK IZAN DU ERAGINIK?
Interesgarria da ikustea adin talde bakoitzak zer jokabide izan zuen Euskaraldian eta zein gero. Joera bat ageri da: zenbat eta gazteago, aldaketa handiagoa Euskaraldian. Baina gazteek gutxiago eutsi diote gero. «Gauza izan dira 11 egunetan hizkuntza ohiturak astindu eta jokaera berria probatzeko, baina ez dute hori egonkortzeko aski denborarik izan». Adinekoek egin dute aldaketarik txikiena —kontuan izatekoa da Euskaraldiko adinekoek zutela erabilerarik handiena, gizarteko datuetan oro har gertatzen denaren aurka—.
ERRAZA IZAN DA ALDATZEA?
Parte hartzaileek uste baino nekezagoa izan da Euskaraldiak eskatutakoa. Hala ondoriozta daiteke haien iritzietatik. Adibidez, lehen hitza euskaraz egitea erraza dela uste dutenak gutxiago dira orain, ariketaren aurretik baino. «Hainbat zailtasun bistaratu dira Euskaraldian, eta hasieran baino hautemate ezkorragoaz amaitzea ekarri du horrek», diote adituek. Zailtasuna ikusi arren, lehen hitza euskaraz egiteko joera handitu egin da. Elkarrizketa elebidunetan ere agertu da zailtasuna —bat euskaraz ari denean eta bestea erdaraz—: ezin izan diete denbora luzean eutsi horrelako solasaldiei.
ZER INDARGUNE IZAN DITU?
Iritzi kualitatiboak bilduta, Euskaraldiaren sei bertute nagusi nabarmendu dituzte parte hartzaileek. Bat: izaera irekia izan duela, elkarlanezkoa. Bi: «talde sentimendua» eragin duela, integratzeko bide izan dela. Hiru: ohiturak aldatzeko trabak kentzen lagundu duela. Lau: norberarenak ez ezik, solaskideen ohiturak aldarazi dituztela. Bost: norbere erabilerari buruz gogoeta egiteko aukera ekarri duela, nork bere hutsuneak ikustekoa. Eta sei: txapa elementu baliagarria izan dela.
ETA ZER HUTSUNE?
Lau ildotako akatsak ikusi dituzte Euskaraldian. Bat: komunikazioan ez direla iritsi gizarteko sektore guztietara, eta ariketa ez dutela ondo ulertu askok —rolen zentzua, esate baterako—. Bi: erakundeek, herritarrei eskatu bai, baina «urrats gutxi» egin dituztela. Hiru: zailtasunak daudela ohiturak aldatzeko. Eta lau: gune erdaldunetan kosta egin dela jendea biltzea, euskaldun gutxi izanik, baita gune euskaldunenetan ere, euskaldun batzuek ez ziotelako «zentzurik» ikusten ariketari.
Albiste hau Berria.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu Plaentxia.eus-era.